Aurrekontuak onartu dituzte, aurkako boturik gabe

Gaur onartu dira 2012rako aurrekontuak. Aurkeztu den proposamenari baiezkoa eman diote Bildu eta Errenteriako Ezkerra taldeek (9 boto guztira), eta abstentzioa hautatu dute PSE-EE (7 boto), EAJ (3 boto) eta PP (2 boto) alderdiek. Julen Mendoza alkateak eskertu egin die oposizioko alderdiei erantzukizunez jokatu izana. Errenteriako Ezkerrako ordezkari Jose Manuel Ferradasek “aurrekontu onak” direla azaldu du.

PSE-EEko eledun Jose Luis Merinok, bere taldearen jarrera azaltzerakoan, nabarmendu du hobe dela “aurrekontu txarra aurrekontu eza baino”, eta haien eskura dagoena egiteko konpromisoa azaldu du Errenteriaren alde lanean jarraitzeko. EAJko Maite Peñak azpimarratu du kontent geratu direla haien ekarpenak aurrekontuetan izan duen islarekin, haiek nahi izango lituzketen aurrekontuak ez badira ere. PPtik, Chema Herzog-ek positiboa iritzi dio “talde politikoek izan duten elkarulermenerako borondateari”.

Udal Batzarra 6 t’erdietan hasi da eta 8etarako bukatu, eta 25 herritar izan dira bertan.