Esneki ekologikoak saltzen dituen makina berri bat Errenterian

Gazta eta yogurta bezalako esneki ekologikoak saltzen dituen makina berri bat aurkeztu zuten atzo Errenterian. Honekin, horrelako salmenta puntu bat duen gipuzkoako bigarren herria izatera pasa da Errenteria, Hernanin makina beretsu bat pasa den astean estreinatu baizuten.

Aparatu berri hau Xabier Olaskoaga enparantzan kokatzen da, aldez aurretik bertan zegoen baserriko esne makinaren alboan, eta ardi eta behi gaztak, gatzagia, yogurtak eta ardi esne gordina saltzen ditu.

Eskainitako esneki guztiak Hernaniko Telleri Zahar, Altzoko Berakoetxe eta Anoetako Sarobe baserrietatik datoz.

Aurkezpenera gerturatu ziren pertsonek sagardoa, gazta eta yogurta dastatzeko aukera izan zuten. Mikel Zendoya Behemendi Landa Garapenerako Erakundearen teknikariak azaldu zuenez, ekimen honen helburua produktu ekologikoen eskaintza handitzean eta baserritarrei bere produktuentzako irteera gehiago ematean datza.

Ekitaldi honetara azaldu zirenen artean José Manuel Ferradas Ingurumeneko zinegotzia izan zen ere. Bere departamentuaren izenean “poztasuna” azaldu zuen “ekimen hau martxan jartzen den lehen herrietarikoa izateagatik Errenteria, Hernanirekin batera”.

“Udal apostua sektore honi babesa emateko Behemendiren bitartez eta ingurumen departamentuaren lanaren bitartez, gaurko ekimen honetan islatzen da, nekazaritza ekologikoa eta kontsumitzaile eta ekoizleen arteko harreman justuak sustatzen dituen ekimena hain zuzen ere, eta  aldi berean ingurumenarentzat mesedegarria dena”, adierazi zuen.

Honekin, Errenteriak urrats bat ematen du kalitatezko elikadura-burujabetza ekologikoaren bidean. Helburu honetan beste hainbat ekimen ere kokatzen dira, eko-lapikoa bezala, ikasle gazteei jangeletan jaki ekologikoak banatzeko helburuarekin sortua.