Eguraldia hobetu bitartean ehiza debekatu du Udalak

Errenteriako Udaleko Mendi eta Ingurumeneko Sailak, datozen egunetan zehar aurreikusten diren elurte eta izozteak direla eta, ehiza debekatu du eguraldia hobetu bitartean.

Erabaki hau Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Jon Urigüen diputatu foralak martxan jarritako ekimenarekin bat egiten du: Ehizaren Legedian kokatzen den arlo zinegetikoari buruzko ekintza protokoloa zoriko egunetarako.

Ondorioz, fauna basatiaren egoera ahula eta babesgabea kontutan hartuz, eguraldia hobetu bitartean edozein motako ehiza debekatuta geratzen da, gaur, otsailak 3tik, berriz ere baimendu arte.

Errenteriako Udalak bere zainketa neurriak areagotuko ditu eta jarrera aproposa eskatzen die herritarrei denon ondare naturala eta bioaniztasuna babesteko.

Ezkutuko ehiza salatzeko bi telefono badaude: 943-00.04.20, Aldundiko basozainen zerbitzuarena, eta 943-34.43.43, Udaltzaingoarena.