Merka2sanmarcos bigarren eskuko merkatuan parte hartzeko aukera berria eskainiko da

Sanmarko Mankomunitateak Merka2sanmarcos bigarren eskuko merkatuaren bosgarren edizioa antolatu duela jakinarazi du, hondakinen sorrera murrizteko eta prebenitzeko helburuarekin. Ekimen hau Errenteriako Zumardian martxoaren 25etik aurrera burutuko da.

Mankomunitateak gaur egun erabiltzen ez ditugun gauza asko badirela gogorarazi du; esaterako, arropa, liburuak, jostailuak, kirol-materiala… Gehienak egoera onean daude; baina, hala ere, zaborretara bota edo kaxatan pilatzen ditugu. Horrenbestez, guretzat erabilera galdu duten gauzak truka, opari edo saltzeko proposamena zabaltzen du erakunde honek produktuen iraupena luzatzeko eta berrerabilera sustatzeko.

Ildo horretan ekintza honen helburu nagusia mota guztietako erabilitako objektuen berrerabilera bultzatzea da. Horrela, sortzen dugun hondakin kopurua murrizten lagunduko dugu ekologia bideragarriko ekimen baten bitartez. Berez, doako zerbitzua da eta partikularrei, elkarteei edota ikastetxeei zuzenduta dago.

Salmenta edo truke postuak erreserbatzeko aukera izango dute www.merka2sanmarcos.org webgunean edo 943 670249 zenbakira deituz.