Errenteriako Langabetuen Asanblada alkatearekin bilduko da datorren astean

Berrogehita hamar bat pertsonek parte hartu dute Errenteriako langabetuek gaur goizean Herriko Enparantzan burututako asanbladan. Bertan, datorren asteko asteazkenean Julen Mendoza alkatearekin biltzeko asmoa dutela azaldu dute berari zuzenean hainbat eskaera helarazteko eta, iragarri dutenez, alkatearen konpromezua espero dute “langabetuen eskubideen defentsan”.

Asanbladak egoitz bat eduki dezan lokal bat eskatuko diote alkateari eta baita kultur zerbitzuei sarbidea izateko hainbat abantaila beren egoera ekonomikoa kontutan hartuta. Neurri hauek, beste batzuen artean, langabetu hauek idatzitako dekalogoan biltzen dira.

Dokumentu hau jadanik gizarte eragileetara, sindikatuetara, instituzio publikoei eta alderdi politikoei bidali dietela azaldu dute asanbladaren antolatzaileek. Hiru aste barru bilkura baterara deitu dituzte erakunde guzti hauek dekalogoaren puntuak  nola bete eztabaidatzeko.

Talde honek egiten duen laugarren elkarretaratzea izan da gaurkoa. Astelehenero biltzen dira eta oraingoan emakumeek parte hartu duten lehen eguna izan da. Antolatzaileak pozik agertu dira horregatik baina, azaldu dutenez, oraindik “gazteria faltan botatzen da” eta gogoratu dute 3.000 errenteriar baino gehiago langabezian daudela.

Murrizketa ekonomikoen kontra eta langileen eskubideen alde otsailaren 25ean Bilbon egingo den manifestaldi nazionalean eta martxoaren 29an deitutako greba orokorrean parte hartzeko borondatea azaldu dute ere asanbladan. Manifestaldiaren kasuan, dohako autobusetan Bilbora joateko izenak zerrendatzen hasi dira.

Asanbladan jorratutako beste gaien artean erakunde finantzariekin zorretan dauden pertsona eta familien kaleratzeen aurkako ekimenak izan dira. Honen harira, martxoaren 7an aurreikusita dagoen Beraun auzoko bizilagun baten kaleratzea ekiditeko burutuko diren ekintzetan parte hartzeko duten asmoa berretsi dute.

Arrazoi honexegatik pasa den astean enkartelada bat egin zuten Kutxabank-en kontra, krisiaren ondorioz bere etxeak ordaindu ez ditzazketen pertsonen kaleratzeak errefuxatzeko.

Azkenik, langabetuek asanbladak arratsaldetan burutzeko aukerari mahaigaineratu dute, horrela goizetan erantzunkizunak dituzten pertsonek, ikasleak eta hainbat langile bezala, batzarretara azaltzeko aukera izan dezaten. Hala erabakitzen badute beharrezko bitartekoak erabiliko dituzte jendea ohartarazteko.