Irrien Lagunak Oarsoaldean, egitasmo hezitzaile herrikoi berria

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak kide dituen Irrien Lagunak klubaren ekimenez, Oarsoaldeko herrietan umeentzat aisia proiektu hezitzaile, euskaldun, herritar  eta parte hartzaile bat  abian jartzeko asmoa dago.

Proiektuaren protagonista umeak izango dira, baina ez dira jasotzaile huts izango, egitarauaren beraren diseinuan ere hartuko baitute parte. Ez da umetara mugatzen den egitasmoa hala ere, gazte eta heldu, guraso, irakasle, umeen aisia talde, gazte mugimendu, herri ekimen, kultur, euskara, heziketa, kirol, natur talde, herriko eragile, herriko udal eta erakunde, eskolak, ikastolak, norbanako eta beste inplikatu nahi dirabertan.

Hain zuzen, herrigintza sarea indartzea, euskal komunitatea trinkotzea, kultura sustatzea, parte hartze eta berdintasun ereduak sozializatu eta praktikan jartzea, eta herria biziberritzea dira egitasmoaren oinarri eta helburuak.

Irrien Lagunak Klubak eta Sorguneak ikertegiak, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako Udalekin batera, taxutu duten egitasmoa datorren astean aurkeztuko dute herriz herri. Joxemari Agirretxe ‘Porrotx’ eta Sorguneak ikertegiko kideak izango dira egitasmoa aurkezten. Bilerak irekiak izango dira eta gaiaren inguruan interesa duen banako, eragile, talde, erakunde, ekimen eta elkartek har dezake parte.

Irrien Lagunak Klubak orain hiru urte zabaldu zituen ateak umeei aisialdirako euskarazko produktuak eskaintzeko asmoz. Webgunearekin eta aldizkarirekin plazaratu zen. Geroztik, egitasmo gehiago jarri ditu abian, besteak beste, Zeraingo barnetegia eta urteroko Irrien Lagunen festa. Oarsoaldeko lau herritara ekarri nahi den egitasmo berri hau beste urrats bat da. Asmo berri honetan laguntzaile du Mondragon Unibertsitateko Sorguneak ikertegia. Ikertegi honen lan eremua euskal kultura ikertu eta berau biziberritzeko estrategiak bilatzea da.

Asier Mujika, Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakariak adierazi duenez, ekimen hau aurrera eramateko, udalerri bakoitzean batzorde bat osatuko da eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren funtzioa batzorde hauen koordinazioa gauzatzea izango da. Eskualde mailako beste batzorde bat ere eratuko dute.

Aurkezpen bilera irekiak:

Oiartzun: otsailaren 23an, Udaletxeko pleno aretoan, 17:30etan.

Errenterian: otsailaren 27an, Xenpelar etxean, 18:30etan.