Joxemari Agirretxe ‘Porrotx’: “Denon arteko auzolan handi bat proposatzen dugu”

Joxemari Agirre ‘Porrotx’ pailazoak Oarsoaldeko herrietan umeentzat aurki martxan jarriko duten aisiaproiektu hezitzaile, euskaldun, herritar  eta parte hartzaileari buruz mintzatu da:

Ze helburu ditu Irrien Lagunak Oarsoaldean egitasmoak?

Pertsona eta elkarte asko daude balio, esperientzia eta jakintza ugari eta aberatsak dituztenak. Horiek guztiak ezagutu, bildu eta herriko eragileekin eta bizilagunekin partekatzea ederra litzateke. Osasuna, natura, zientzia, kultura, elkartasuna eta beste esparru askotan emateko asko duten lagunak, profesionalak izan ala ez, bizi dira gure eskualdean. Ezagutza hori ordea, norberaren baitan edo lanbidean geratzen da.

Bizilagun eta elkarte asko, aldiz, prest egon daiteke prest bere esku duen aberastasun hori trasmititu eta partekatzeko. Asko dugu emateko eta jasotzeko. Denon arteko auzolan handi bat proposatzen dugu, urtean zehar hainbat ekintzen antolaketa baten bidez garatu daitekeena, euskaratik eta euskaraz.

Zergatik aukeratu duzue Oarsoaldea?

Bertako instituzio zein herri eragileak aktiboak direlako, interesa azaldu dutelako eta ongi antolatuta daudelako. Helburuak eta estrategiak amankomunean lantzen dituzte. Eskualde oso egokia da horrelako proiektu berritzaile bat martxan jartzeko.

Nork hartu dezake parte?

Ikastetxeek, guraso elkarteek, aisialdi taldeek, kultura, kirola eta gizarte eragileek, baserritarrek, merkatariek, lantegiek, sendagileek, erizainek, basozainek, naturzaleek, zientzialariek, bertsolariek, kantariek, antzekilariek, sukaldariek, odol eta organu emaileen taldeek, gaztetxeak, euskara taldeak… edozein adinetakoak. Zerbait emateko eta jasotzeko duen edonork parte har lezake. Auzolana, alaitasuna, elkartasuna eta herriarekiko maitasuna ez daude krisian!