Langabetuek bilera “positiboa” izan dute alkatearekin eta autofinantziatuko direla jakinarazi dute

Errenteriako Langabetuen Asanbladaren ordezkaritza bat Julen Mendoza alkatearekin bildu zen atzo beren egoerari buruz hitz egiteko eta eskakizun batzuk mahai gainean jartzeko.

Rafa Lorente asanbladaren kideak azaldu duenez, langabetuek egoitz bat izateko lokal baten beharrari buruz eta garraio publikoetan deskontuak izateko aukerari buruz hitz egin dute eta bilkura “positiboa” izan da eta giro onean burutu da.

Lokalari dagokionez, auzo elkarteekin partekatzearen ideiaren alde azaldu dira, eta garraio publikoen aferan Lurraldebus txartel bakarrak laguntza soziala jasotzen duten kolektiboari eskainiko dizkien deskontuak begi onez ikusi dituzte.

Horretaz gain, bankuekin zorrak dituztelako beren etxetik kaleratzeko arriskuan dauden familien aldeko sinadura bilketa bat hasi dutela jakinarazi diote alkateari, bereziki Mari Carmen Márquezen familiari babesa emateko. Astelehenean irten ziren kalera herritarrei sinadurak eskatzeko kaleratzeen kontra eta jadanik 200 baino gehiago lortu dituzte.

Kaleratzeen kontu honen inguruan prentsaurreko bat egingo dutela hilaren 14ean Reina Aretoan jakinarazi dute ere, eta bertara sindikatuak eta alderdi politikoen ordezkariak azaltzea espero dutela.

Egun batzuk beranduago, martxoaren 17an, manifestazio bat antolatuko dute kaleratzeen arazo soziala salatzeko, Beraunetik atera eta Udaletxearen aurrean bukatuko dena.

Autofinantziazio iturri laranja

Lorentek azaldu duenez, langabetuen asanblada begizta laranjak saltzen hasiko da herrian 0,50 eurogatik autofinantziazio iturri bat edukitzeko. Begizta hauen helburua  bizi ditugun murrizketa ekonomikoak eta langabezia salatzea da.

Bestalde, Iztieta auzoko taberna batek (Trebol) langabetuen asanbladako kideei deskontuak egiten hasi dela jakinarazi du, soilik alkoholik gabeko produktuetan eta beharrezko dokumentazioa aurkeztuz.