‘Hostoak’ ikuskizun arrakastatsua Errenterian ikusteko sarrerak salgai daude

Donosti, Iruña eta Baionako eszenatoki nagusietatik pasa eta gero, OREKA TX taldea, AMAREN ALABAK abeslari taldea eta KUKAI dantza konpainiak ‘Hostoak’ ikuskizun arrakastatsua Errenterian eskainiko dute martxoaren 18an.

Emanaldia Galtzarabordako Udal Kiroldegian izango da arratsaldeko 18:30tan eta sarrerak jada erosi daitezke Oreretako Harkaitza eta Landare tabernetan, Xenpelar Kulturdendan, Barrabarra.eu webgunean eta, martxoaren 6tik aurrera, Errenteria Hiria Kulturgunean (astearte, ostegun eta ostiraletan 18:00tatik 20:00tara eta asteazkenetan 11:00tatik 13:00tara).

Lan honen sortzaileen arabera, “’Hostoak’ kantu, musika eta dantza elkarrizketa batean batuko ditu emanaldian, diziplina ezberdinetako erreferentziazko artistak elkartuz. Euskal kultur tradizionaletik abiatuz planteamendu berri eta garaikideak garatuko dituzte”.

Ikuskizuna “euskal tradizioan dago sustraitua, baina enbor horretako adarretatik askotariko itxura, kolore eta matatako hostoak sortuko dira, mota askotako sentsazio eta emozioak sortuz eta gogora ekarriz”, azaltzen dute.

Sarean bideo labur bat zintzilikatu dute erakusgarri gisa.