Juan Carlos Merinoren agurra eta Laneko Erreformaren gaitzespena martxoko Udal Batzarrean

Oraingo alkate Julen Mendozak hala esan dio Juan Carlos Merino alkate ohiari bere azken egunean: “Gure arteko harremanaren hasiera zaila izan bazen ere,  lortu dugu hain posizio desberdinetan gauden bi ordezkariok elkarrizketa bide bat irekitzea,  eta horrek herri honen normalizazio politikoari on egin dio”.  Juan Carlos Merinok, hunkituta, hala esan du: “Une berezia da niretzat. Barkamena eskatzen dut inori kalte egin badiot, baina, pozik noa, egin ahal izan ditudan akats guztien gainetik, nire lanak errenteriarrak zoriontsuago izan daitezen lagundu badu”.

Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerrako ordezkariak  Juan  Carlos Merinok “Udalean egin duen lana” goraipatu du; “Oso gutxitan egon gara ados politika alorrean, baina, zorionez, maila pertsonalean ondo konpondu gara”. Urrunago joan da Jose María Herzog PPko eleduna: “Juan Carlos Jauna da, Jauna letra larriz”. EAJko Jose Ignacio Irastorzak “zorte ona” opa dio Merinori bere ibilbide berrirako.

Udalbatza beroa

Udalbatza beroa izan da martxokoa. Eztabaida pizgarri izan zitezkeen hainbat gai zeuden gai-ordenean. 18:35ean, jarritako orduarekiko bost minutuko atzerapenez alegia, ekin dio Julen Mendozak jorratu beharreko puntuak mahai-gaineratzeari. Hasiera batean aulkietan 20 herritar bazeuden ere, bigarren punturako 15 langabetu sartu dira txartel laranjak eskuetan zituztela.

Lehen hiru puntuak, espero zenez,  kontrakorik gabe onartu dira: “Udalbatzak 2012ko urtarrilaren 31n eginiko ohiko bilkurari dagokion aktaren irakurketa eta onespena” lehena; “Ebazpenen berri ematea: Alkatearenak (134 zk.tik 236 zk.ra, biak barne), Zinegotzi-delegatuenak (313 zk.tik 464 zk.ra, biak barne) eta Tokiko Gobernu Batzarrarenak.bidezkoa bada” bigarrena, eta “2011ko aurrekontuaren likidazioaren berri ematea” hirugarrena.

Laugarrenean piztu da sua. 2012. urterako Errenteria Musikal Udal Patronatuaren lanpostu zerrenda aldatzea proposatu da. PPko Jose María Herzog haserre agertu da bertako Euskararen Hizkuntza Eskakizunak direla eta. Bere esanetan  “Euskara esijitzea muga da. Gizartearen %33k bakarrik lor dezake lan hori”. Euskal hiztunak ez direnen kontrako “Apartheida” salatu du. “Horrelako gauzak beti bukatzen dira gaizki”, aurreikusi du. Bilduren izenean Garazi Lopez de Etxezarretak erantzun dio: “2008an jaso ziren Hizkuntza Eskakizunen inguruko premiak, eta erabat beharrezkoak dira euskararen egoera normaliza dadin”, aipatu du.

Proposamena aurrera atera da PPren bi abstentziorekin eta gainontzeko alderdi guztien aldeko 18 botorekin (Bilduk 8, PSEk 7, EAJk 2, EEk 1).

Errepublika garaiko Udalbatzari aitortza

Jose Manuel Ferradasek (EE) esker oneko hitzak izan ditu II. Errepublikako Udalbatzako kide eta udal langileekiko: “Azken Udalbatza 1936ko otsailetik urte bereko irailera arte luzatu zen, eta politikariak eta udalean lanean ari ziren 35 langileak beren postuetatik bortxaz kenduak izan ziren une hartako konstituzioari leial izateagatik.” Gogorarazi du aurreko legegintzaldi honetan kendu zitzaiola Franco diktadoreari herriko “ohorezko alkate” kargua, “berandu”, eta “memoria historikoaren garrantzia” azpimarratu du. II. Errepublikako udal ordezkariak “Errenteria modernoaren aitzindari” izan zirela gehitu du.

PPtik, Jose María Herzogek “Kolpe militarren kontrako jarrera” erabat garbi utzi nahi izan du. EAJko Jose Ignacio Irastorzak garai hartako “Ordezkari eta langileei erabateko babesa” adierazi die. PSEko ordezkari Jose Anjel Rodriguezek proposamenarekin “Erabat ados” daudela esan du.

Bilduko Garazi Lopez de Etxerrazetak esan du “Jendarteak esperantzaz eta ilusioz bizi izan” zuela II. Errepublikaren sorrera. “Hura sortu eta gutxira Lizarrako estatutua onartu zen, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barne-hartzen zituena, gero gauzatu ez bazen ere”. Gogora ekarri du Francok “40 urtez euskal hizkuntza eta identitateari gogor eraso” ziola. Bere esanetan, “Memoriak horrelakorik berriro ez gertatzeko balio behar du”.

II. Errepublika garaiko Udalbatzari omena egiteko proposamena aho batez onartu dute.

Langabetuak eta Enplegu Plana

Puntu hau bukatu bezain laster, langabetuek hitza eskatu dute euren eserlekuetatik. Une horretan ziren eztabaidatzekoak PSEk aurkeztutako Enpleguari buruzko mozioa, baita Bilduk, EAJk eta EEk aurkeztutakoa ere. Julen Mendozak langabetuei argitu die azken orduko aldaketak izan direla mozioen gainean, eta haiek azaldutakoan emango diela hitza.

Honela, Jose Anjel Rodriguez PSEko eledunak esan du bertan behera uzten dutela euren mozioa, gainontzeko alderdiekin izandako elkarrizketak medio, aukerak ikusten dituelako datorren Udalbatzarako proposamen bateratu bat aurkeztekoa. Mendozak azaldu du aurkeztekoa zen beste mozioa ere erretiratu egin dela, eta beraz, ez da proposamenik bozkatu.

Orduan hitza eman die langabetuei, eta haien ordezkari bat mintzatu da. Bere esanetan “PSOE da egungo egoera txarraren erantzuleetako bat eta horregatik kutsu elektoralista du bere proposamenak”. “Bestalde, esaten digute ez dagoela dirurik, baina azpiegitura handietan 22.000 milioi euro xahutu dituzte” jarraitu du. Amaitzeko, adierazi du: “Herritarroi adarra jotzen digute”. Eserlekuetan zegoen langabetu taldeak txartel laranjak erakutsi ditu, eta txalo-zaparradaz hartu du bere ordezkariaren interbentzioa. Amaitutakoan, Pleno aretotik alde egin dute.

Laneko Erreformaren gainean eztabaida gogorra

Zazpigarren puntuan PPk Madriletik abian jarri duen Laneko Erreformaren aurka EAJk aurkeztu duen mozioa bozkatu dute. EAJren hitzetan “Erreforma honek langileen eskubideak gutxitzen ditu eta enpresaburuei jendea kaleratzeko ahalmena handitzen die. Gainera, enpleguaren inguruko euskal esparrua defendatzen dugu”.

EEtik, Ferradas oso kritiko mintzatu da Laneko Erreformarekiko: “Beldurra erabiltzen dute hainbat neurri beharrezko direla sinetsarazteko. Erreforma honekin Patronalak irabazten du eta beste guztiok galdu”. Honez gain, deialdia egin du martxoaren 29ko Greba Orokorrean parte hartzeko.

PPko Jose Maria Herzog honela mintzatu da: “Euskal esparrua defendatzeak esan nahi du euskal langile batek Cuencako batek baino gehiago merezi duela eta hori ez da bidezkoa.” PPk Madrilen abiatu duen Laneko Erreformaren harira Confebask-en txosten bat ekarri du mahai gainera. Honen arabera, Alemaniar ereduari eutsi behar zaio, eta “hori da Erreforma honek egingo duena. Francoren garaian langileak babestuegiak zeuden, ezin ziren kaleratu, eta horrek enpresaren produktibitateari kalte egiten zion. Orain, euroan gaudenetik, desoreka hori jasanezina bihurtu da”, iritzi dio. Bere ustez, garrantzitsuena “Enpresaren moldagarritasun ahalmena da”.  Greba Orokorra, besteak beste, “Txarra, hipokrita, manipulatzailea eta erradikala” dela esan du.

PSEko Jose Anjel Rodriguezek proposamena puntuka bozkatua izan zedila eskatu du, puntu batzuekin ados bai, baina beste batzuekin hala ez zegoelako. Garbi utzi du,hori bai, “Erreformaren aurka gaudela, neurri bidegabeak dituelako, eta ez duelako lana sortzeko balioko”.

Bilduko Luisma Diezek salatu duenez, “Langileen eskubideek hamarkadak egin dituzte atzera. Laneko Erreforma langileen kontrako agresioa da: kaleratzeak merkatzen ditu, eta langabetuei prekarietatea baino ez die eskaintzen”. Hala gaineratu du: “Lehiakortasuna aitzakia baino ez da. Alemaniaz mintzatzen dira, baina Txinako soldatak ordaintzen dituzte.” Bere ustez, “Azken helburua Ongizate Gizartea deuseztea da”. Amaitzeko, adierazi du “Unea dela honi kitto esateko. Herritarrei dei egiten diegu Greba Orokorrean parte hartzera.”.

Ondoren, PPko eta EEko ordezkariak eztabaida mikatz batean kateatu dira. Herzogek esan du beharrezkoa dela “Beste tokietan egiten diren kontratuak hemen ere egitea. Beste bidea, autarkia da, 600en (autoa) garaietara itzuli nahi baduzue, zuek ikusi”.  Ferradasek esan du “Herzogen diskurtsoa Francoren garaian langile izan zirenei irain egitea” dela.

Azkenean, puntuz puntu egin da bozketa. Lehenengo puntuan Laneko Erreforma gaitzetsi da aldeko 18 botorekin (Bilduren 8, PSEren 7, EAJren 2 eta EEren 1); PPko bi ordezkariek kontra eman dute botoa. Bigarrenean Lan Harremanetarako Euskal Esparrua eskatu da aldeko 11 botorekin (Bilduren 8, EAJren 2 eta EEren 1) eta kontrako 9rekin (PSEren 7 eta PPren 2). Hirugarren puntuan Euskal Enplegu politika errespetatzeko eskatu da aurreko puntuko emaitza berarekin: aldeko 11 eta kontrako 9.

19:30ean eman zaio amaiera guztira 55 minutuko iraupena izan duen Udalbatzari. Aipatzekoa da Maite Peña EAJko ordezkariak ezin izan duela etorri. Isaac Palencia, 24 urteko errenteriar gaztea izango da datorren Udal Batzarrean Juan Carlos Merinoren lekua hartuko duena.