Udala uholdeek Lartzabalen kaltetutako bizilagunekin bildu da

Julen Mendoza alkateak eta Luisma Diez mantenuko zinegotziek bilkura egin dute Fanderiako Auzo Elkartean azaroko uholdeek kaltetu zituzten Lartzabalgo bizilagunekin. Bertan, Udalak haien egoera bideratzeko eman dituen pausuak azaldu dizkiete bilkurara azaldu diren 50 bizilagunei.

Helburua uholderik berriz ez gertatzea da, eta horretarako soluzioak proposatzea. “Irtenbide bat baino gehiago izan ditzake egoerak” argitu du Luisma Diezek, eta lau proposamen daudela mahai gainean azpimarratu du. Julen Mendozaren hitzetan “Garrantzitsuena irtenbidea badagoela da”. Ordubete baino gehiago eman dute udaleko ordezkariek bizilagunekin. Hauek galdera ugari egin dizkiete, eta argitzeko kontu bat geratu da: nork ordainduko ditu gertatutakoa berriz ez gertatzeko egin behar diren konponketak? Udalak garbi dauka ez dela bere errua, eta bizilagunek ere hala uste dute. Promotorearekin batzartuko dira laister eta akordio batera iristen saiatuko dira.

Hemen joan den azaroaren 5ean izandako uholdearen irudiak.