Udal polikiroldegian “eskubaloiaren jaialdi handia” izango da asteburuan

Herri Biziaren Bidean | Kategoria gabe | Kirola 2012-05-10 | 0

Ereintza eskubaloi talde errenteriarra une historiko baten atarian dago. Asteburu honetan, Errenteriako Galtzarabordako Udal Polikiroldegian, eskubaloiko lehenengo mailako ekipo honek Zilarrezko Ohorezko Dibisiora igotzeko fasean parte hartuko du.

Ereintzako Francisco Barrosek, Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Jose Manuel Ferradas Kirol zinegotziarekin batera, prentsaurreko batean izan da gaur kirol-ekitaldi hau aurkezteko. Barrosek prestatutako egitarauaren berri eman du eta “eskubaloiaren jaialdi handia” izango den honetara errenteria guztiak azaltzera deitu ditu.

Larunbatean eta igandean izango dira norgehiagokak. Lehenengo egunean, arratsaldeko 18:00tan, Zarautz eskubaloi taldea La Roca klub katalanarekin neurtuko da. Ondoren, 20:00tan, Ereintzak Huelvako Pan Moguer taldearen aurka jokatuko du.

Hurrengo egunean, igandean, goizeko 10:30tan 3 eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatuko da eta 12:45ean igoerarako finala.

Fase honetarako 17 jokalari prest ditu Ereintzak, horietatik 14 errenteriarrak. Ferradasek Ereintzari zorionak eman dizkio “fase honetara ailegatzeagatik” eta taldearen ibilibideren hasiertaik – 1959an hasi zena – egindako lanagatik.

Julen Mendoza alkateak, bere aldetik, igoera lortzeko aukera honekin “Ereintzari zor zaiona” ematen zaiola azpimarratu du eta fase honetara heldu izana “herriarentzat oso positiboa” dela esan du.

Sarrerak eta abonuak

Bi aukera izango dira sarrerak erosteko. Larunbateko bi partidoak, edo igandeko bi partidoak ikusteko 6€, edo bestalde lau partidoak ikusteko 10€ balioko dituen abonua eros daiteke.

Aldez aurretik salgai izango dira, ostegunean eta ostiralean (18:30tatik 20:30etara) Xabier Olaskoaga Plazan (Txiki Kaia inguruan).

Barrosek azaldu duenez, bufandak 10 eurotan salgai egongo dira, eta kamisetak 6 eurotan.

Partida zuzenean interneten

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, emisionesdeportivas.com webgunean partida zuzenean ikusteko aukera izango da ere.

 

No comments yet.

Utzi erantzuna