Z.N.N. (Zer-Nori-Nork) jardunaldiak antolatu dituzte herrigintza eta komunikazioari buruz

Herrigintza eta komunikazioari buruzko ‘Z.N.N. (Zer-Nori-Nork) Agustin Sarasola Jardunaldiak’ antolatu dituzte Mikelazulo elkarteak, Oarsoaldea-Bidasoako Hitzak, eta Herri Biziak ostiral eta larunbaterako.

Egitasmo honen bultzatzaileen hitzetan, “helburua bizi garen herrian sarea egin, eta eskura ditugun komunikazio bitarteko zein lanabesen bidez  gure informazioa sortu eta balioestea da”.

“Jardunaldi hauek Agustin Sarasolaren izena daramate eta balioetsi nahi dute joan den otsail honetan hil zen oreretar honek garatutako lana, herri-komunikazioari buruz hainbeste erakutsi ziguna irrati kronista gisara urte luzeetan Zintzilik Irratian egin zuen lan boluntarioarekin”, gaineratu dute antolatzaileek.

Egitaraua

Maiatzaren 25ean 19:00etan jardunaldiak abiatuko dira “Espaloietan hitza”-rekin: Ahozko adierazpen librearen gunea, Orereta-Errenteriako Herriko Enparantzatik.

Larunbatean, maiatzaren 26an, lantegi teoriko-praktiko txiki bat garatuko dute. Horren barnean, gosari-eztabaida bat izango da Mikelazulon 11:00etan, “Komunikabideak herrigintzan” gaiarekin. Parte hartuko dute Oarso-Bidasoako Hitzako, Herri Biziako, GuifiEH-ko eta Zintzilik Irratiko kideek. Bertan, hamaiketako txiki bat eskainiko da.

Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, lantegi praktikoa egingo da Zintzilik irratian, ikasi-lagundu nahi duen pertsona edo elkarte oro gonbidatuta dagoelarik.