Listorretan kutsadura eta trafiko arazoak konpontzeko neurriak jarri ditu Udalak

Listorretako atseden gunearen denboraldi berria ekainaren 2an hasiko da eta Errenteriako Udalak Aiako Harria Parke Naturalaren esparruan kokatutako ezpazio honetan gertatu izan ohi diren hondakin sorrera, kutsadura akustiko eta trafiko arazoak konpontzeko neurriak, hobekuntzak eta ekipamendu berriak martxan jarri ditu.

Hala azaldu dute Jose Manuel Ferradas, Luisma Diez eta Jon Txaskok, Errenteriako Ingurumen, Hirigintza eta Trafikoko zinegotziak hurrenez hurren, atseden gunean gaur eskainitako prentsaurreko batetan.

Ferradasek jakinarazi duenez, hartutako neurriek “puntu eta aparte” bat markatu nahi dute espazio honen erabilerari dagokionez. Izan ere, 30.000 lagunek bisitatzen dute gune babestu hau denboraldi bakoitzean, kudeaketa berezi bat behar duen “erabilera intentsibo” bat eginez.

Aparkaleku eta kontainer gehiago

Jon Txasko Trafiko zinegotziak guneko seinaleztapena hobetu dutela jakinarazi du eta 20 aparkaleku berri inguru sortuko dituztela, guztira 130 aparkaleku izango dituelarik atseden guneak.

Luisma Diez Hirigintza zinegotziak, bere aldetik, bere departamentuak bultzatutako hobekuntza garrantzitsu baten berri eman du: papera, plastikoa eta beira birziklatzeko kontainerrak ipini dituzte atseden gunean, San Markoko Mankomunitatearen laguntzarekin. Honekin, jendeari hondakinen kudeaketa egokiago bat egiteko aukera eman nahi zaio eta zaborrek ingurumenean duten eragina murriztu.

Beste hainbat hobekuntza ere egin dituzte: panel informatiboen berritzea, errepideko areken garbiketa, atseden guneko zurezko hesiaren konponketa, parrilletan erabilitako ikatz-metaketaren garbiketa, belar mozketa  edo egurrezko mahaien konponketa.

Atseden guneko kantinan berrikuntzak izango dira ere, hemendik aurrera bertan erabiliko den ontziteri guztia berrerabilgarria izango baita. Hortaz, ez dira plastikozko edalontziak banatuko, askotan lurrean botata amaitzen zirelako.

Informazio puntua

Ferradasek jakinarazi du bisitariek badutela parke naturalari buruzko informazio puntua erabiltzeko aukera eta aurten bertan lan egingo duten teknikariak bi izango direla iragarri du (aurreko urteetan langile bakarra). Bulego hau denboraldi osoan, ekainaren 2tik urriaren 14ra bitartean, ostiraletik igandera eta jaiegunetan izango da zabalik.

Bertan, Ingurumen zinegotziak gaineratu duenez, bisita gidatuak egiteko aukera izango da. Ibilbide hauek ez dira Listorretara mugatuko: parke naturalean zehar egin ahal izango dira, eta baita ere aurki erreserba izendapena jaso lezakeen Añarbeko zonatik ere. Bisita gidatu hauek 2 euroko prezio sinbolikoa izango dute.

Bulegoaren ordutegia goizez, 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara izango da. Bisitariei informazioa emateaz gain, naturaren babesa bermatuko du zerbitzu horrek, suaren erabilera, udal ekipamenduak, hondakinak edo zaratak kontrolatzeko lanak eginez ere.

Naturarekin konpromezua

Prentsaurrekoan adierazi dutenez, Ingurumen, Trafiko eta Hirigintza departamentuen elkarren arteko lanaren fruitu dira hobekuntza hauek eta, modu berean, Udalak ondare naturala babesteko hartu duen konpromezuaren seinale dira ere.

Bukatzeko, zinegotziek gune honen ardurazko erabilera bat egiteko deia egin diete bisitari guztiei.