Emakumeen hiru kirol-talde esponsorizatzeko deialdia egin du Berdintasun Kontseiluak

Bigarren urtez, Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak martxan jarri du 2012-2013 denboraldian emakumeen hiru kirol-talde esponsorizatzeko deialdia. Ekimen honen azken xedea kirolarekiko emakumeen motibazioa indartzea da eta horretarako ezinbestekoa da, besteak beste:

· Emakumeek kirola egiterako garaian aukera berdinak izatea eta beraz, desabantailarik ez izatea.

· Emakumeek egindako kirola ikustaraztea eta sozialki ikuskizuna dela aitortzea.

· Emakumeei, bereziki gazteenei, jarraitzeko moduko ereduak eskaintzea.

Guztia hau bultzatzeko helburuarekin esponsorizazioaren bigarren deialdia egin da. Deialdiaren oinarriak http://www.errenteria.net/eu/ficheros/3_10134eu.pdf web orrialdean ikusi daitezke. Hurrengo egunetan (bihar, ekainak 1, seguruenik) oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

Eskaerak aurkezteko epea deialdia GAOn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita 15 lanegunekoa da. Lehenengo deialdian Club Atlético Rentería-CAR, Hibaika Arraun Elkartea eta Ereintza elkarteko emakumeek  izan ziran esponsorizatuak.

Berdintasunerako kontseiluak esponsorizatutako taldeei jarraipena egin die urtean zehar eta komunikabideetan euren presentzia handiagotzeko konpromisoa lortu du komunikabide batzuekin.

Emakumeen kirola bultzatzeko, baita ere, kiroldegian iragarki handi bat jarri zen urte hasieran emakumeen  kirola ikustarazteko eta esponsorizatutako taldeei bultzada emateko asmoz. Berdintasunerako Kontseiluak gonbitea luzatzen die Errenteriako emakumeen kirol-talde guztiei eskaera egin dezaten.