Errenteria eta Hondarribiako ehun musikarik joko dute Musika Banden XVII Alardean

Hondarribia Hiria Musika Banda izango da aurtengo Musika Banden Alardean Errenteriako Musika Kultur Ekarteko Bandarekin batera parte hartuko duen talde gonbidatua.

Ekitaldi musikal honen hamazazpigarren aldia larunbatean ospatuko da. Arratsaldeko 19:00tan hasiko da Alfonxo XI kaletik abiatuko den kalejira atekin. Ondoren, 20:00etan, Foru Plazan kontzertua eskainiko dute bi taldeek.

Bertan, Hondarribiako bandak joko du lehenbizi Alazne Alberdiren zuzendaritzapean. Marcelino Amenabar konpositorearen Arraunlariak kantuarekin hasiko dira. Ondoren, J. Martin Domingoren ‘Lagartijilla’, Federico Chuecaren ‘El Bateo’ eta ‘Grease’ filmeko kantak eskainiko dituzte.

Errenteriako Musika Kultur Elkarteko Bandaren txanda izango da gero. Aitor Mitxelena zuzendariaren aginduetara, Adrew Loyd Webberren ‘El fantasma de la ópera’ eta Bert Appermonten ‘Jericho’ kantak joko dituzte.

Bukatzeko, bi bandek elkarrekin ‘Marcha Urunuela’ eta ‘Agur Jaunak’ joko dituzte. Guztira 100 musikari inguruk parte hartuko dute kontzertuan, ordu bat eta laurdeneko iraupena izango duena, gutxi gorabehera. Emanaldiak amaitutakoan denek elkarrekin afalduko dute sagardotegi batetan.

Alardearen antolatzaileek jakinarazi dutenez, Biteri kalea moztu egingo du Udaltzaingoak kalejirak irauten duen bitartean.

ARGAZKIA: Josu Mitxelena eta Aitor Mitxelena musika banden alardearen aurkezpenean, gaur Errenteriako Udaletxean. (Egilea: HITZA)