Udalak Listorreta zaintzeko laguntza gehiago eskatzen die herritarrei

Bi aste igaro direnean Listorreta-Barrengoloiako eremuan zerbitzu berriak martxan jarri zirenetik, Errenteriako Udaleko Ingurumen eta Mendi Arloak gune honen erabiltzaileei konpromezu handiago bat eskatzen die espazio honen zainketan.

Udal arlo ezberdinek eremu hau babestu eta zonaren kudeaketa aproposago bat egiteko martxan jarritako neurriek harrera ona izan dute.

Zentzu honetan, udal zerbitzuek aparkaleku egokia eta trafikoaren zirkulazioa hobetzeko ezarritako berrikuntzek harrera bikaina izan dutela hauteman dute, eta gauza bera gertatu da hondakin gutxiago produzitzera bideratutako hobekuntzekin. Udaltzaingoko agenteen presentzia lagungarria izan da espazioaren erabilera egokiago bat egiteko orduan.

Hala ere, arrakasta hauek ez dute kentzen Listorreta-Barrengoloiako eremua hobeto zaintzeko laguntza eskaeraren beharra, ez baita onargarria, adibidez, suak piztea horretarako prestatuta dauden guneetatik kanpo. Hondakinei dagokionez, ez dira onargarriak hainbat jarrera, gutxiengo batenak izan arren, oso konpromezu eskasa erakusten dutelako Udalak eta erabiltzaileen gehiengoak egiten duten ahaleginarekin.

Udal arlo honetatik gogorarazten da Udal Ordenantza bat indarrean dela hondakinen bilketari buruz. Arau honek isunak aurreikusten ditu hondakinak kontainerretatik kanpo uzten dituztenentzako, eta baita gaikako sailkapena betetzen ez dutenentzat zaborrak uzterakoan.

Udalak ulertzen du denok jarrera egoki bat mantenduz gero Ordenantzaren aplikazioa ez dela beharrezkoa izango. Ez da onargarria gehiengoak egiten duen esfortzuarekiko gutxi batzuek egiten duten mespretxua.

Bukatzeko, Udalak aipatutako jarrera desegokiak ekiditeko neurriak jarriko dituela adierazi du.