Alabergako Danborradaren irudien bila Errenteriako Seme-Alabak erakusketarako

‘Errenteriako Seme-Alabak’ argazki erakusketa urtero antolatzen da Xenpelar Etxean  errenteriarrekin eta gure herriaren historiarekin zerikusia duen gai bati helduz. Aurten erakusketa uztailaren 16tik 27ra burutuko da eta Alabergako Danborradaren ibilbidearen inguruan izango da.

Udal Artxiboko irudiak erabiltzeaz gain, errenteriarrek gordeta dituzten argazkiak ere erabili nahi dira, erakusketa ahalik eta gehien aberasteko.

Garratzitsua da jakitea bere argazkiekin lagundu nahi duten pertsonek ez dituztela originalak galduko: Udal Artxibotik (09:00tatik 14:30ra) edo Merkatuzarretik (15:30tatik 20:00etara) argazkiekin pasa eta bertan eskaneatuko dizkiete erakusketan erabiltzeko baimena eman eta gero. Eskaneoa burutu bezain laster eraman ahal izango dituzte etxera berriz ere.

Argazkiak ekainaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira.

Erakusketaren antolatzeileek azaldu dutenez, argazki guztiak ongi etorriak izango dira, batez ere zaharrak eta jende taldeak erakusten dituztenak.

Erakusketa eta gero argazki-album bat argitaratzeko aukera dago, bildutako argazki kopurua eta hauen kalitatea behar hainakoak badira.