Etorkinen inguruko ‘Zurrumurruen Aurkako Sarea’ eraikiko dute Errenterian

Errenteriako SOS Arrazakeriak eta Kabia Espazio Kreatiboak gure gizartean pertsona etorkinen inguruan hara eta hona dabiltzan zurrumurru eta estereotipoez eztabaidatzeko mahai-inguru ireki bat antolatu dute asteazken honetan, ekainak 27, 19:00tan Kabian (Pontika auzoko Barandiaran Plazan).

Egitasmo honen sustatzaileen arabera, “gero eta maiztasun handiagoarekin etorkinei mota guztietako jarrera berekoi eta bidegabeak leporatzen dizkieten elkarrizketak entzuten ditugu, hala nola ez dutela ‘integratu’ nahi, gizarte-laguntzak bidegabeki eskuratzen dituztela, segurtasun-eza eragiten dutela, eta abar. Honelakoek estereotipo negatiboak eragiten dituzte, eta estereotipo hauek gero jende etorkinarekiko bazterketa-jarrerak justifikatzeko erabiltzen dira. Alegia, bazterketa-jarrera batzuk sortzen direla pertsona hauen sorterri edota kulturan bakarrik oinarrituta”.

Aurreiritziak sortzarazten dituzten estereotipo hauek gezurtatzeko  ‘Zurrumurruen Aurkako Sarea’ sortu nahi dute. Egitasmo honen aurkezpenean Xabier Aierdi soziologo eta UPV/EHUko irakasleak, Ainara Ormaetxea Ordiziako Udaleko Inmigrazio-Teknikariak, eta Gerardo Carrere SOS Arrazakeriakoak hartuko dute parte ekitaldi honetan. Aizpea Otaegik dinamizatuko du eztabaida. Marokoko tea eta pastak ere izango dira mahai-ingurua gozatzeko.

Informazio gehiago nahi baduzu gerar@mugak.org helbidera idatz dezakezu edota 667617707 telefonora deitu.