Errenteriak Eleak Mugimenduaren mozioa onartu zuen udalbatzarrean (bideoa)

Errenteriako Udalak aurtengo ekaineko osoko bilkura burutu zuen atzo.  Bost proposamen eta hiru mozio iragarrita zeuden. Gai-ordenaren lehenengo sei puntuetatik (ebazpenen berri ematea eta proposamen guztiak) soilik bigarrenak eragin zuen eztabaida: PSEek San Marko eta Añarbe mankomunitateetan ordezkariak aldatzeko aurkeztutako proposamena.

Puntu honetan, Bilduk talde honetako Luisma Díez eta Errenteriako Ezkerrako Jose Manuel Ferradas zinegotziek mankomunitate hauetan ordezkari izateko proposamena egin zuten, bidezkoa iruditzen zitzaielako urte bete udal gobernuan egon eta gero erakundeotan ordezkaritza bat izatea. Bozketan, Bilduren 8 bozkak eta Errenteriako Ezkerrarena ez ziren nahikoa izan beste talde guztien bozken kontra. Beraz, PSEren jatorrizko proposamena bozkatu eta onartua izan zen PNV, PSE eta PPren bozkekin.

Bestalde, 2012ko Madalenetan omenaldia egiteko erabakia bozeramaileen batzarrean hartuko zela adostu zen. Gainontzeko proposamenak  aho batez onartuak izan ziren. Mozioen txandan etorri ziren eztabaidak.

Hauetako lehena  Eleak Mugimenduak eskubide zibilak eta politikoak aldarrikatzeko aurkezturikoa izan zen. Gizarte mugimendu honetako ordezkariek hitza hartu zuten mozioa aurkezteko. Espetxeratutako Sonia Jacinto errenteriarraren bikoteak bere kasua azaldu zion udal ordezkariei. Sonia Jacinto  orain dela hiru urte atxilotu zuten, Arnaldo Otegirekin batera, Batasunako militante izateagatik.

Errenteriako Ezkerra ados agertu zen mozioarekin eta PP eta PSEko zinegotziek pairatutako indarkeria egoera gogoratu zuen. PP, bere aldetik, mozioaren kontra azaldu zen eta Udala ez zela leku egokia hori aurkezteko esan zuen. PSE kontra azaldu zen eta Espainian eta Euskal Herrian eskubideak urratuta izan dituzten pertsona bakarrak ETAren indarkeria jasan dutenak izan direla esan zuen.

Bilduk azpimarratu zuen adierazpen askatasuna, iritzi askatasuna, manifestaldiak egin edo elkartzeko eta politikan aritzeko askatasuna aldarrikatzen zituela mozioak eta, ondorioz, honen alde agertu zen. Bozketan, mozioa onartu zen PNV, Bildu eta Errenteriako Ezkerraren aldeko 12 bozkekin, PPek eta PSEek kontrako bozka eman zutelarik.

Kartelak kaleetan

Ondoren, PSEren udal taldeak publizitaterako panelak udalerriko toki ezberdinetan jartzeko mozioa mahaigaineratu zuen batzarrak. PSEren arabera, herrian zehar ikusi daitezkeen hainbat kartel eta pankarta “gogora ekartzen dizkigu errepikatzea ez nahi ditugun iraganeko garaiak”. Errenteriako Ezkerrak kartelen inguruko ordenantza bat egon dela azpimarratu zuen eta inoiz ez dela aplikatu. PNVek, bere aldetik, herrian ikusten diren kartel askok eduki politikoak ez dituztela nabarmendu zuen.

Bilduko Garazi Lopez de Etxezarretak bere alderdiaren harridura adierazi zuen horrelako ekimenik gaur egun arte martxan ez delako jarri eta beste udalerri batzuetan erabiltzen ari diren panelak eta euskarriak aztertzen ari direla jakinarazi zuen Errenterian ere txertatzeko. Mozioa onartua izan zen talde guztien aldeko bozkarekin eta Bilduren abstentzioarekin.

Azken mozioa Errenteriako Ezkerrarena izan zen, LGTBI (Lesbiana, Gay, Transexual eta bisexual kolektiboa) harrotasun mundu-eguna ekainaren 28an dela eta. Errenteriako Ezkerrako Jose Manuel Ferradasek azaldu zuenez, mozioak pertsonenganako eta hauek beren sexualitatea erabakitzeko askatasuna errespetatzeko eskatzen du. Modu berean, mozioak GIBaren kontrako osasun programek eta sexualitate hezkuntzak jasandako murrizketa ekonomikoak kritikatzen zituen.

PP sexualitate aukera ezberdinak errespetatzearen alde azaldu zen baina mozioaren testuaren idazkera kritikatu zuen eta edukiari garrantzia kendu zioen (geroago Ferradasek testua pertsona homosexualek adostua zela argitu zuen). PNV, PSE eta Bildu alde agertu ziren. Aho batez onartu zen mozioa.

Galdera-eskarien txandan taldeek ez zuten aipamenik egin. Guztira 50 minutu inguru iraun zituen batzarrak eta dozena bat herritarrek bertatik jarraitu zuten saioa.