Agustinetako bizilagunak pozik agertu dira auzoko trafikoaren berregituraketarekin

Errenteriako Hirigintza eta Trafikoko udal arloek Agustinetako auzoan trafikoaren berregituraketa bat egin dute hainbat hobekuntzekin, bizilagunek positibotzat jo dituztelarik.

Aldaketa nagusiena Markola Etorbideko errepidea bi norabideko bidean bilakatzea izan da, lehen zentzu bakarra baitzuen. Horrela, erabiltzaileek kale honetan kokatzen diren garajeetara sartu daitezke zuzenean eta ez diote, lehen bezala, auzo guztiari itzulia eman behar. Garaje hauek 200 bat bizilagunek erabiltzen dituzte.

Etorbide honetan 20 kilometro ordukoko abiadura mugatzen duen seinale bat marraztu dute, Lehen Hezkuntzako Koldo Mitxelena ikastetxearen atearen parean. Modu berean, kale nagusi honetan karga-deskarga zona bat apailatu da, lehen ez baitzegoen halakorik auzoan.

Bestalde, Hombrados Oñatibia kaleko aparkalekuak markatzen dituzten lurreko marren norabidea aldatu da gidarientzako arriskutusa baitzen ez zutelako ikusten aparkalekutik atzerantz ateratzen zirenean.

Agustinetako bizilagunen elkartearen arabera, hobekuntza hauek egitea erraza zen eta auzoak 2006 urtetik geroztik eskatu dizkio Udalari. Manifestaldi bat ere egin zutela gogoratu dute Udalak beren eskakizunak entzugo zituelakoan, baina ez zuten arrakastarik izan, nahiz eta arazo asko “marra bat marraztearekin” konpondu zitezkeen. Horregatik, beren poztasuna adierazi dute Udalak eskakizunoi jaramon egin dielako udal gobernu taldeak bultzatutako herri batzarretan parte hartu eta gero.

Bizilagunek oraindik hainbat hobekuntza egiteke daudela aipatu dute: konponketak parke batzuetan, gune berde gehiagoren sorrera eta sakanguneen kokapena.