Liztor asiatikoaren kabi gehiago antzeman dituzte Errenterian

Errenteriako udal zerbitzuek jakinarazi dutenez, Lartzabaleko etxeetan listor asitikoaren kabia kendu dute iragan den astean. Dagoeneko Errenterian kentzen den hirugarren kabia da. Intsektu mota inbaditzaile hau bertako ekosistemarentzat kaltegarria da eta, horregatik, udal teknikariek herritarren arreta eta laguntza eskatu dute kabiak detektatzeko.

Udaberriko lehen hilabeteetan liztor mota honek bere lehen habia egiten du, sagar baten tamainakoa. Fase honetan, listorrek etxeetako balkoi edota teilatuetako aleroetan egiten dute kabia eta asko elkartzen direnean zuhaitzetara jo eta bigarren kabia egiten dute ekaina aldera, handiagoa. Erregina bere langileekin joaten da eta  zuhaitzetara jotzen dute.

Bertan langileek kabi berri bat hasten dira egiten, eta erreginak lehen arrautzak jartzen ditu. Hemendik aurrera erreginak ez du beste ezer egiten, arrautzak jarri eta jarri: 4.000 eta 6.000 arteko kopurua jartzera heldu daiteke.

Hori dela eta, garrantzitsua da bigarren kabia egiten hastea ekiditzea, eta horretarako hiritargoaren laguntza ezinbestekoa da, kabi bat etxe inguruan ikusten duen edonork udaltzaingoari abisatuz lehenbailehen.

Errenteriako Udalak liztor asiarraren hedapena mugatu eta kontrolatzeko tranpak ipini ditu herriko hainbat lekutan, Herri Bizian zintzilikatutako bideo honetan ikusi dezakezuten bezala. Helburua erreginak harrapatzea da.

Ekosistemarentzako arriskutsuak

Liztor hauek 2004an heldu ziren Txinatik Bordeleko portura itsasontzi batetan eta hedatu egin dira Frantzian eta Iparralden. Hegoalden eta Espainiako hainbat lurraldeetan detektatu dituzte jada.

Liztor asiarra bertako erleak akatzen ditu, ekosistemen jasangarritasunerako oso beharrezkoak direnak, eta horregatik dira arriskutsuak.

Bideoan azaltzen den bezala, liztor hauek hanka horiak dituzte, bertako liztorrak ez bezala. Gorputzean kolore hori gutxi daukate eta beltzagoak dira.

Udal teknikariek liztor asiarren kabiak ikusten dituen edonorrek udaltzaingora deitzeko eskaera egin dute, hiritargoaren kolaborazioa ezinbestekoa jotzen baita intsektu hauen hedapena mugatzeko.

Udaltzaingoaren telefonoa: 943 34 43 43

Udaltzaingoaren helbide elektronikoa: udaltzaingoa@errenteria.net