Ereintza eskubaloi taldeak abonatuak lortzeko kanpaina hasi du gaur

Ereintza eskubaloi talde errenteriarra Zilarrezko Ohorezko Dibisiora igo da azken denboraldian izan duen ibilbide bikainari esker eta, lehiekata maila honek eskatzen dituen baliabide ekonomikoak lortzeko asmoarekin, abonatuak lortzeko kanpaina bat hasi du gaur.

Francisco Barros Ereintzako arduradunak klubak abonuak ahalik eta merkeen izaeko ahalegina egin duela adierazi du Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Jose Manuel Ferradas Kiroletako zinegotziarekin eskainitako agerraldi batetan.

Abonu orokorra 40 eurokoa izango da, Ereintza elkarteko bazkideentzat 20 eurokoa, 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat 20 eurokoa ere, eta familia guztiarentzako abonua 80 eurokoa (gurasoak eta bi seme-alaba). Taldeak 300 abonatu lortzeko helburua du. Barrosek errenteriarrak abonua egitera animatu ditu eta “guztien bultzada” beharrezkoa izango dutela adierazi du.

Lehen ogasunaren egoitza izandako bulegoan (Madalen kalean, Herriko Enparantzara bidean) izango dira Ereintzakoak abonatuen inskripzioak egiten ostiralera arte. Ondoren, irailean jarraituko dute kanpainarekin beste hiru astez leku berean. Lokala Udalak utzi dio Ereintzari, azaldu du Mendozak.

Ereintzako jokalariek ez dute soldatarik jasoko eta taldeak harrobiarekin jokatzeko politikarekin jarraitzeko asmo irmoa du. Datorren denboraldian errenteriarrek kirolari profesionalak eta Asobal ligan izandako taldeen aurka neurtuko dira: Puente Genil, Alcobendas, Barcelona, Teucro, Villaranda, Torrelavega, Adelma, Gijon Jovellanos, Barakaldo, Zarautz, eta Bidasoa.