Aaarraun! egitasmoaren eskultura lantzen hasi dira, animatu parte hartzera!

Aaarraun! egitasmoaren eskultura lantzen hasi dira hainbat herritarren artean Pontika auzoko Barandiaran Plazan.

Aaarraun! egitasmoa Kabia Espazio Kreaktiboan sortu da Gizaharremanak-Elkarbizitza taldearen baitan. Egitasmoaren ardatza trainera baten hondakinak erabiltzean datza, Kabia Espazio Kreaktiboaren eta bere ibilbidearen irudikapen sinboliko bat egiteko denon artean.  Traineraren brankaren lehen 3 metroak erabiliko dira,eta eskultura batean bilakatuko dituzte ezkata batzuk erabiliz branka forratzeko.

Hauxe da, hain zuzen ere, herritarrek parte hartzeko duten aukera: ezkatak eginez bideo honetan erakusten den bezalaxe freskagarrien lata birziklatuak erabiliz. Etxean dauzkagun guraizeak nahikoa dira ezkata hauek lortzeko, gero eskultura apaindu eta babesteko erabiliko direnak.

Uztailaren 28ra arte latak eta ezkatak edo latak bilduko dira Barandiaran Plazako bananondo handiaren ondoan kokatu diren edukiontzietan.

Egun horretan anaitasun bazkari bat egongo da Kabian eta hortik aurrera elkarte eta kolektiboek eskultura egiteko lanean hasiko dira.

Egitasmoaren bultzatzaileek herriko kolektibo eta interesdun guztien kolaborazioa eskatzen dute ekimen amankomun hau burutu ahal izateko. Batetik, ezkaten produkzioan eskatzen da, 1.500 beharko direla kalkulatzen baita. Bestalde, kolektibo bakoitzak bere ezkatak eskulturan  jartzea bilatzen da (gida-laguntza txiki batekin), herrian elkarbizi diren adierazpen eta sentsibilitate guztiak egitasmoaren partaide izan daitezen.

Antolatzaileek herriko kolektiboak Aaarraun! proiektuari atxikipen formala ematea eskatu dute, horrela lan txandak antolatu ahal izateko. Modu berean, 30 ezkata inguru prestatzeko eskatzen diete, elkarlanean eginez gero, lan erraza baita.

Parte-hartze konpromezuak helarazteko edota informazio gehiago jasotzekoprentsa@errenteria.net edo 943 44 96 10 zenbakira deitu (Aitor)