‘Ander eta Yul’ filmeak 80ko hamarkadako Errenteriara eramango du ikuslea ostegunean Kabian

Kinokabia zine emanaldi sorta irekiaren azken proiekzioak, ‘Ander eta Yul’ filmea, 80ko hamarkadaren bukaerako Errenteriara eramango du ikuslegoa osteguneko 22:00tan, Kabia Espazio Kreaktiboan (Barandiaran Plaza). Gainera, Angel Amigo, filme honen filmaketan parte hartu zuen  ekoizle errenteriarra bertan izango da ere.

Garai haietako Errenteriako kale eta txoko ezagunak antzemango dituzte ikusle errenteriarrek bi protagonisten istorioa ezagutzen duten bitartean.

Filmeak Anderren (Mikel Munarriz) istorioa kontatzen digu, espetxean denboraldi bat pasa ostean drogekin trafikatzeagatik bere jaioterrira, Errenteriara, bueltatuko dena bere jendearekin elkartu eta bere bizitza berreraikitzeko. Yul, bere haurtzaroko lagun minarekin topo egingo du, baina gauzak asko aldatu dira.

Filme hoi esker 1990. urtean Goya saria jaso zuen Ana Diez zuzendariak, lehen emakumea izanik sari hau eskuratzen.

Kinokabia

Errenteriako herrian zinemarekin erlazionatutako mugimenduak presentzia handia izan du, horren adibide direlarik gure historian zehar sortu diren zineklubak, zinemak eta zine arloan lan egin duten hainbat errenteriar. Udarako giro lasaiak eta Kabia Espazio Kreaktiboak eskaintzen duten aukera aprobetxatuz, Kinokabia zine emanaldi sorta antolatu da, Errenteriak zinemaren inguruan izan duen mugimendua eta harremana berreskuratzeko helburuarekin etorkizunari begira.

Orain arte hiru emanaldi burutu dira: lehenengoan zinema ekoizle errenteriarren lanak proiektatu ziren eta bigarrenean Jon Maia zuzendariaren ‘Gazta zati bat’. Burututako azken saioan, Nomadak Tx dokumentala proiektatu zen, Oreka Tx taldearen zuzeneko musikarekin batera, ehun lagun inguru bertaratu zirelarik.