Kultur elkarteek eta Udalak “Culturas e identidades de nuestra tierra” hitzaldia aurkeztu dute

Errenteriako kultur elkarteek eta Udalak Jon Maia zinegile eta bertsolariaren “Culturas e identidades de nuestra tierra” hitzaldia aurkeztu zuten atzo Merkatuzarren. Mintzaldi hau irailaren 20an, arratsaldeko 19:00tan, Kabia Espazio Kreaktiboan (Barandiaran Plaza) burutuko da.

Hitzaldi hau bultzatzen duten elkarteak honako hauek dira: Asociación Cultural Concha Rociera, Centro Cultural Andaluz Aljarafe, Casa de Galicia, Asociación Cultural Extremeña Monfragüe, Ereintza Elkartea, Landare Kultur Elkartea, AEK, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea eta Mikelazulo Kultur Elkartea. Guzti hauen ordezkariak izan ziren prentsaurrekoan. Hauetaz gain, Errenteriako Udaleko alderdi politiko guztien babesa jaso du ekimen honek.

Eragile deitzaileen “pluraltasun, pentsamendu aniztasun eta identitate sentimendua dira ekitaldi hau inflexio puntua izantea eragiten dutenak, orain arte herri honetan bizi izan den eta aurrerantzean etorriko denaren arteko inflexio puntua, hain zuzen ere”, azpimarratu zuten agerraldian.

Halaber, Errenteria “luzaroan jatorri ugariko pertsona eta kolektiboen elkargune” izan dela nabarmendu zuten eta gaur egun herri honen “errealitatea kultur eta identitate anitzek” osatzen dutela gaineratu zuten. “Gure ustez, iritsi da aniztasun baliotsu horren barruan hizketan hasteko garaia, elkar hobeto ezagutzekoa, eta egon litezkeen oztopoak gainditzen hastekoa”, adierazi zuten.

“Uste dugu elkar ez ezagutzea izan dela, agian, urteetan zehar komunitate horien arteko banaketa ekarri duena, Horregatik, inoiz baino premiazkoago da egungo mugak apurtzera bideratutako urratsak ematen hastea. Ildo horretan, ekimenaren zedea da elkarbizitzarako eta elkar ezagutzarako guneak sortzea, eta, horrexegatik, ekitaldiaren amaieran lunch bat egingo dugu hemen bildu diren elkarteen eskutik”, iragarri zuten.

“Ekitaldi jendetsua izatea nahi dugu”, azaldu zuten agerraldian, herritar guztiak bertaratzera gonbidatuz.