Udalak ibilaldi osasuntsu bat antolatu du iganderako Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearen harira

Errenteriako Udalak ibilaldi osasuntsu bat antolatu du igande honetarako goizeko 10:00tan Zumarditik abiatuko dena, 2012ko Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearekin bat eginez.

Jose Manuel Ferradas Ingurumen eta Mendietako zinegotziak jakinarazi duenez, hainbat dira europar aste honen markoan, irailaren 16tik 22ra burutuko dena, eta Autorik Gabeko Egunaren harira antolaturiko ekitaldiak. Europar Komisioak kontinente mailan hainbat jarduera koordinatzen ditu auto pribatuaren erabilera eta honek dakarren eragin negatiboa ingurumenean eta giza osasunean murrizteko helburuarekin.

Horrela, Ingurumen, Trafiko eta Udal Kirol Patronatuaren elkarlanari esker, aipatutako ibilaldia antolatu da iganderako, zumardiatik abiatuko dena eta, Oiartzun ibaiaren ubidea jarraituz 5 kilometro oinez egin ondoren, hasierako puntu berean amaituko da. Adin guztietako pertsonek parte hartu dezakete.

Oinezko garraioak abantaila handiak dakartza ingurumenerako auto pribatuaren erabilerarekin alderatuta, eta gainera osasun publikoarentzat mesedegarria da gaixotasunak prebenitzen laguntzen baitu. Bihotzarentzat ona da eta baita odol zirkulazio sistemarentzat, arnasketa organoentzat, estresa eta antsietatearentzat ere.

Honen aurrean, auto pribatuek espazio publikoa inbaditzen dute eta oinezkoaren esparrua mugatzen dute. Bizitza kalitatea kaltetzen dute, dakarten segurtasun eza eta kutsadura akustiko zein atomosferikoa direla eta. Horregatik, oinezko garraioa indartzera bideratutako ekimenek esparru urbanoa hobetzea bilatzen dute, oinez edo bizikletaz egiten diren bidaiei lehentasuna emanez.

Bide batez, oinezkoen aukerak handituz auzoek kohesio maila handiagoa lortzen dute, giza komunikazioari lehentasuna emanez. Jarduera komertzialak ere nabaritzen dituzte honen onurak, jendeak horrela espazio eta lasaitasun handiagoaz gozatzen baitute erosketak egiteko unean.