Oarsoaldeko lau udalek dei egin dute emakumeenganako indarkeriaren aurka egitera

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA, AZAROAREN 25EAN

EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA DELAKO

Beste urte batez, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Pasaia, Lezo, Oiartzun eta Errenteriako Udalek biolentzia matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, gure Udalerrietan ere irauten duen gaitza baita.

Horrela, Euskal Herrian 2012a hasi zenetik 5 emakume erail dituzte, eta milaka dira komunikabideen bitartez jasotzen ditugun kasuen berri. Eraso sexisten inguruko gertakariak eta salaketak egunero entzuten ditugu. Herriko jaietan edota jai eremuetan emakumeon askatasuna baldintzaturik egoten da, eta maiz aski ematen dira eraso sexistak. Era berean, lan-eremuan ematen diren sexu jazarpenen datuak kezkatzeko modukoak dira. Gazteriaren artean ere, sexuen arteko botere harremanak eta balore patriarkalak iraunarazteaz gain, mutil askok nesken kontrako indarkeria baliatzen dute…

Emakumeen aurkako indarkeriak, izaera fisikoa, sexuala edo psikologikoaz gain, badu izaera ekonomiko eta soziala ere. Horregatik, Udal gisa emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean dugun jarrera, bikote edo bikote ohien eremuan ematen den biolentziatik harago doa.

Zentzu horretan, 2012ko urte honetan, ezin dugu ezikusiarena egin egungo egoera eta bizitzen ari garen eskubide-murrizketa prozesuaren aurrean, eta horrexegatik

Bikote edo bikote ohien eremuan ematen diren etengabeko tratu txar fisiko eta psikologiko guztiak salatzen ditugu. Emakume izate hutsagatik kolpe, paliza eta heriotzak gertatzea onartezina da.

Hainbat ordezkari politiko, agente sozial, judizial eta komunikabideren aldetik egindako adierazpenak salatzen ditugu, hain zuzen beroriek emakumeak babestu beharreko herritarrak eta norbere bizitzaz erabakitzeko ahalmenik gabekoak jotzen direlako.

Krisiaren baitan egiten diren zerbitzu publikoen murrizketak -bereziki zaintzari buruzkoak-, indarkeria arriskua handitu dezaketen bulnerabilitate egoerak sortzen dituztela salatzen ditugu, obedientzia eta menpekotasunean oinarritutako harremanetara eramanez.

Hori guztiagatik, Oarsoaldeako Udalek konpromisoa hartzen dugu ekitatea eta emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna oinarri izango dituen beste eredu sozial baten eraikuntzan aurrera egiteko. Bide horretan, hots, emakumeen aurkako indarkeria bukatzearren, mugimendu feminista entzun eta berarekin parte hartuko dugu, orain arte egindako ibilbideagatik eta helburu hori lortzeko duen lidergo historikoagatik.

Guzti horretaz jabeturik,

Konpromisoa hartzen dugu, indarkeriari aurre egiteko politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak hartzeko, besteak beste, heziketan oinarritutako prebentzio neurriak, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak edota erantzun soziala artikulatzeari begirakoak.

Konpromisoa hartzen dugu, betiere gure eskumenen barruan eta indarreko legeria aplikatuz, emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko, hitzetik ekintzetara pasatuz. Eta horretarako bere horretan utziko ditugu indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko programa guztien aurrekontuak.

Konpromisoa hartzen dugu autodefentsa feministaren beharra transmititzeko eta emakumeak animatzeko lanketa berezia egin dezaten, hala nola horretarako bitartekoak jartzeko.

GONBITEA EGITEN DIOGU herritar guztiei, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, herri edo eskualde mailan antolatzen diren mobilizazio eta ekintzatan parte hartzeko. Bereziki, herritarrak animatu nahi ditugu mugimendu feministak azaroaren 25rako egin duen elkarretaratze deialdian parte hartzera.

Pasaian, 2012ko azaroan

OARSOALDEKO HERRIETAKO EKIMENAK

PASAIA

AZAROAK 24

Eta Karmele? Antzezlana Antxoko Kultur Etxean arratsaldeko 19:00etan

Antxoko bi neska gaztek egindako film labur baten emanaldia 20:00etan

AZAROAK 25

Errenteriako kontzentraziora joateko ibilaldiak antolatu dira barruti bakoitzean

Donibane:

Oinez joateko, Bizkaia plazatik goizeko 11:30ean

Autobusez joateko, Meipiko autobus geltokitik 12:00etan

SanPedro:

Frontoitik goizeko 110:00etan

Trintxerpe:

Gudarien plazatik 11:15ean

Antxo:

Alamedatik 11:45ean

ERRENTERIAKO ALAMEDAN KONTZENTRAZIOA 12:30EAN

ABENDUAK 1

Autodefentsa tailerra Antxoko Kultur Etxean

ERRENTERIA

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera adierazteko puntu lila jarri da Udaletxeko balkoian eta Galtzarabordako piszinatan. Puntu lila jarriko dute, baita ere, autobus urbanoetan.

Niessen merkatalgunean eta Merkatuzarren azaroaren 22tik 30era eskolatako irakasleek egindako lanen erakusketa izango da. Erakusketa honetan ikasleek genero indarkeria nola ulertzen duten adierazten dute. Hurrengo ikastetxeetako ikasleek hartu dute parte:

Cristobal Gamon

Langaitz L.H eta B.H

Telleri Alde

Koldo Mitxelena

Beraun Berri

Merkatuzarren, baita ere, 2011. urtean Beldur barik lehiaketan parte hartu zuten lanak daude ikusgai.

AZAROAK 25

Kontzentraziora joateko hiru puntu finkatu dira Lezo, Pasaia eta Oiartzunetik datozen zutabeekin bat egiteko.

12:15etan Alabergako Arditurri Plazan

12:15etan Renfeko geltokian

12:15etan Matxaingo biribilgunean