Arantza Garmendiak irabazi du “Ezetz Asmatu!” Lehiaketaren 4. edizioa

Arantza Garmendiak irabazi du Errenteriako Euskara Departamentuak eta Errenkoalde elkarteak elkarlanean antolatutako “Ezetz asmatu!” Internet bidezko lehiaketaren 4. edizioa.

“Ezetz asmatu!” Errenteriako Udalak duen toponimiari buruzko “Herria Ezagutzen” izeneko webgunearen atal bat da. Bertan ageri diren test moduko galderen helburua da Errenteriako toponimiaren inguruan norberak duen ezagutzaz jabetzea eta, bide batez, ezagutza areagotzea.

Horrez gain, lehiaketa honek beste bi helburu ditu: batetik, euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzea eta, bestetik, egungo gizartean hain garrantzitsuak diren teknologia berriak bultzatzea.

Aurreko edizioetan bezalaxe, saria Errenkoalde elkarteak emandako 50€-ko erosketa txartela izan da. Sari hori elkartearen kide diren herriko dendetan erabili ahal izango du.

Saria Juanjo Olaziregik, Arantzaren senarrak, jaso zuen Irune Balentziaga euskara zinegotziaren eta Imanol Iparragirre Errenkoaldeko lehendakariaren eskutik.