Elixabete Perezen hitzaldia Koldo Mitxelena hil zela 25 urte bete direnean

Joan den urriaren 11n Koldo Mitxelena Elissalt herrikidearen heriotzaren 25. urteurrena izan zen.

Hori dela eta, komunikabideei bidalitako oharraren bidez, Udalak publikoki onartu zuen Koldo Mitxelenak euskararen inguruan egindako lan handia hizkuntzalaritzaren arloan. Era berean, bere oroitzapena eta ondarea bizirik mantentzearren, munduan proiekzio ezagun gehien izan duen, duen eta izango duen Errenteriarra baita, abenduaren 3an, 19:30etan, Xenpelar Etxean hitzaldia antolatu dute, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Hitzaldiaren izenburua honakoa duzue: “Goiko kaletik”.

Ekitaldian Elixabete Perez Gazteluk parte hartuko du. Izan ere, gure seme kutunaren bizitza eta obra ondoen ezagutzen duenetako bat da, eta “Koldo Mitxelena Elissalt: egitasmoa eta egitatea” tesiaren egilea da, bere garaian Udalak argitaratu zuena.

Gure omenaldi txikiak, baina bihotzezkoa, helburu du hura gogoratzen jarraitzea, obra zabaltzea, etorkizuneko belaunaldiek ulertu dezatela euskaren alde bere idazkien eta ikerketen garrantzia, euskara erabiltzea, zabaltzea eta gordetzea bizitzako eta ezagutzako hizkuntza gisa.