Madelon sariak, inoiz baino internazionalagoak

Munduko txoko guztietatik iritsi dira III. Madelon Gazteentzako Literatur Lehiaketarako lanak. Santi “Altxu” errenteriarraren omenez EHGAMek antolatzen duen sariketa honek gay, lesbiana, bisexual edo transexualei buruzko kontakizun laburrak biltzen ditu.

Helduen sailean (18-25 urte bitarteko gazteak) 23 urteko Pamela Fernandez Valladolidtarrak eraman du 300 €-ko lehen saria “Lo que la sociedad no puede arrebatarnos” lanari esker. Bigarren, Leoneko Roberto Carro izan da; 20 urteko gazteak “Si Ulrich hubiese tenido una cámara fotográfica” kontakizuna aurkeztu du.

Gazteen sailean (14-17 urte artekoetan) Carlos Catena izan da garaile. 16 urteko Jaeneko mutiko honek ere 300 €-ko saria lortu du “El santuario de los objetos encontrados” lanarekin. Bigarren saria Kubara joan da, Colón de Matanzas herriko Caridad Chávezek lortu baitu. 16 urteko idazle gazteak “El color de la noche” lana aurkeztu du.

Gaur jakinarazi dituzte irabazleak, Errenteriako Udaleko pleno aretoan egin den ekitaldian. Bertan izan dira EHGAMeko ordezkariak, Joxemari Carrere eta Ibon Egaña epaimahaikideak eta Irune Balentziaga eta Unai Unsuain hurrenez hurren Kultura eta Gaztedia zinegotziak.

Herribizian, datozen egunotan, irabazleon lanak zintzilikatzen joango gara, denok gozatu ahal ditzazuen.