Bidegorria, Zumardian barrena

Argiterian led farola berriak jarri eta gero, Errenteriako Udala lan gehiago egiten ari da Zumardia, Batzokia zena, eta Agirre Lehendakaria guneetan, etorkizunean espazio osoaren berrantolaketa integralari ekiteko. Bi hilabete iraungo dute lanek, eta guztira 183.904,10 €-ko aurrekontua dute (BEZ barne). Hauek dira abian dauden lanak:

Nafarroa etorbidearen ertz osoan bidegorriaren jarraipena osatzea: Zumardian, Batzokia zenean eta Agirre Lehendakariaren plazan. Errepidearen ondoan geratzen den tartean 75 zm-ko granitozko galtzada-harria (adokina) jarriko da, eta bertan argiak, semaforoak, bide-seinaleak eta abar ezarriko dira. Bidegorriak 1,90 metroko zabalera izango du, eta txirrindularientzat izango da erabilgarri. Oinezkoak zuhaitzen artetiko gunetik ibiliko dira.

Agirre Lehendakariaren Plazan ibilbidea oztopatzen duten bankuak kenduko dira. Litekeena da banku horien materialak galtzada-harriak egiteko erabiltzea.

Zumardi Txikian, egun dagoen espaloia zabaldu beharra dago oinezko eta txirrindulariak ibil daitezen. Kioskoa eta iturria metro batzuk mugituko dira ibilbideari leku egiteko.

Argiteriarei dagokionez, orain arte egin diren berrikuntzekin jarraituko da, eta Zumardian jarritako led argiak Batzokia zenaren eta Agirre Lehendakariaren Plazan ere jarriko dira.

Azkenik, banku berriak jarriko dira, eta zakarren edukiontziak pareko espaloira pasako dira, eta bizikletak uzteko guneak bidegorriaren ondoan jarriko dira.