Ingurumen Kontseiluko Hondakinen Batzordea auzoetara joango da

Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseiluaren baitako Hondakinen Batzordeak hainbat bilkura eta ekimen egin ditu azken hilabeteotan. Hainbat herritarrek hartzen dute parte batzorde ireki honetan, eta egindako lanaren ondorioz, jabetu dira Errenterian hondakinak benetako arazoa direla.

Orain, herritarren iritziak zuzenean biltzeko asmoz, Errenteriako auzoetan  bilerak hasiko dituzte. Saio hauen helburua honakoa da: herritarrak gure udalerrirako hondakinen bilketa sistema egokiago baten bila egiten ari diren lanketaz informatzea.

Hondakinen Batzordearen ustez “Egungo sistema ez da eraginkorra, ez dio errealitateari erantzuten eta, hortaz, gaiari arduraz eta erantzukizunez heldu behar diogu, guztion artean, ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik iraunkorra izango den sistema bat ezartzeko.”

Auzo bakoitzean bina bilera egitea aurreikusten dute. Lehenean, gure udalerriaren egoerari buruzko dokumentazioa aurkeztuko da eta aukeratzekoa den sistema berriak barneratu beharko lituzkeen irizpideak azalduko dira. Bigarren txandan (datak oraindik zehazteke daude), bi txanden arteko denbora tartean lan-talde honek proposatuko duen sistema berriaren inguruko eztabaida bilatuko da.

Hona hemen bileren ordutegi eta egunak:

 

Urtarrilak 14: 19:30ean Iztietako Gurekin Elkartearen lokalean

Urtarrilak 15: 18:00etan Kaputxinoetako Auzo Elkartean

Urtarrilak 15: 19:30ean Agustinetako Auzo Elkartean

Urtarrilak 16: 19:30ean Pontikako Auzo Elkartean

Urtarrilak 16: 19:30ean Beraun Ongi-Etorri Elkartean

Urtarrilak 17: 19:30ean Alaberga-Arditurri Elkartean

Urtarrilak 22: 17:00etan Galtzarabordako Gure-Leku Elkartean

Urtarrilak 22: 19:30ean Erdialdeko Reyna Aretoan

Urtarrilak 22: 19:30 Fanderia-Markola. Fanderia erdiko Auzo Elkartean

Urtarrilak 23: 19:30ean Gabierrota-Lartzabal. Laguntasuna Auzo Elkartean

Urtarrilak 27: 11:00etan Zamalbideko Auzo Elkartean

Urtarrilak 29: 19:30ean Olibet-Ugarritze. Olibet-Etxe Berriak Auzo Elkartean

Urtarrilak 30: 19:30ean Gaztañoko Bukagaitz Elkartean

Edonork bere ekarpenak helaraz diezazkioke Hondakinen Batzordeari e-posta bitartez (hondakinakIAK@googlegroups.com) edo, bestela, udaletxeko Mendi eta Ingurumen Sailera zuzenduz.