Martxoak 8 Sormenaren bitartez, aldaketak eraginez

Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak, hirugarren aldiz Mariasun Landa Sariak martxan jarri ditu. Sari hauen helburua Errenteriako emakumeen lorpenak, ibilbidea eta herriari eginiko ekarpena azaleratzea da.

Dagoeneko epai-mahaiak aukeratu ditu aurtengo saridunak. Bi sari daude: emakumezkoei begirada onenari eta emakumezkoen begirada onenari.

Sari emate ekitaldia martxoaren 9an, larunbata, 12:00etan Xenpelar Etxean izango da.

Sari ematearen aurretik, kalea girotzeko antzerki bat egongo da goizeko 11:00etan Foru Plazan “Atsoak dantzan”. Zahar-egoitza batetik ihes egin duten bi adineko emakume dira antzezlanaren protagonista, betetzear dituzten promesa eta ametsen bila dabiltza. Eguraldi txarra egiten badu antzezlana Torrekuan izango da.

Ondoren, esan bezala, 12:00etan Mariasun Landa Sari banaketa ekitaldia izango da. Aurten 8 lan aurkeztu dira, 7 euskaraz eta 1 gazteleraz. 5 emakume eta 3 gizonek hartu dute parte. Lan gehienen egileak Errenteria edo ingurukoak badira ere, Euskal Herritik kanpoko lan bat ere aurkeztu dute.

Sari banaketa ekitaldian, Gema Lasartek, EHUko irakasle eta ikerlaria den Errenteriarrak, Mariasun Landa irakurtzera gonbidatuko gaitu bere ipuin baten irakurketaren bitartez. Honez gain, musika zuzenean eta aperitif txiki bat ere izango ditugu.

Azkenik, otsailaren 28tik martxoaren 9ra Xenpelar Etxeko erakusketa gelan Xenpelar udal tailerreko Patchwork-ak izango dira ikusgai.

Herritar guztiak gonbidatzen ditugu antolatutako ekintzatan parte hartu dezaten eta bereziki Mariasun Landa Sari banaketara etorri daitezen.