Errenteriako VI Txakurkrosa igandean

Errenteriako Txakurkrosaren seigarren edizioa martxoaren 10ean (igandea) burutuko da eta Susperregi baserrian izango du irteera. Proba honetan korrikalaria eta zakurra uhal batez lotuta korri egiten dute. Proba hau guztira sei proba dituen Gipuzkoako 2012-2013 Ligan dago sartua, eta era berean Gipuzkoako III. Txakurkrosa Txapelketa burutuko da.

Probaren irteera 11,00etan egingo da, Aiako Harria natur parkean zehar doan ondorengo ibilbidearekin. Irteera Idoia jatetxearen zelaian egingo da (Susperregi) eta baso pistatik igotzen da Malbazarreraino. Eskuinean bordatik 200 metrora dagoen pistatik jarraitu behar da, eta pista horretan aurrera joanez pinudi batetik pasatuta Malbazarreko borda baino 100 metro lehenago ateratzen da. Hortik Idoiara jaisten da (igotzeko egindako ibilbide beretik), eta behin Idoiaraino jaitsi ondoren, eskuinerantz hartu behar da, bidezidor batean gora Malbazar gainaraino, eta berriro ere Idoia jatetxeraino jaisten da. Bertan helmuga dago.

Ibilbideak bi buelta ditu. Meta eremutik hiru aldiz pasatzen da bertaratu den jendeak denbora gehiagoz gozatu ahal izan dezan jarduera honekin. Zirkuitua 6,3 km. luze da, eta denbora guztian baso pistan egiten da.

Behin lasterketa nagusia bukatuta, Txakur Kross Txikia egingo da, helmugaren eremuko ibilbide txiki batean. 4 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek izango dute parte hartzeko aukera. Txakur Kross Txikirako izen-ematea egiaztatzeko, e-maila bidali behar da arroskenea@telefonica.net helbidera, parte hartuko duten neska edo mutilaren, laguntzailearen eta txakurraren izenak adierazita.

Iaz bezala, Udal Kirol Patronatuaren eta Errenteriako Udalaren laguntza jasotzen duen lasterketa honen bultzatzaile nagusiena Patxi Azpiazu errenteriarra izan da. Modalitate hau Neguko Kirolen Federazioan dago sartuta.

Txakurkrosa betiko lera lasterketen sinplifikazioa da. Elurretan zein lurrean praktika daiteke, eta ez du behar lera lasterketek behar duten adina azpiegitura. Lehiaketan zehar, zakurrak beti aurretik edo korrikalariaren aldamenean joan behar du, inoiz ez atzetik edo arrastaka. Denbora zakurra helmugara iristen denean kontatzen da. Funtsean, animaliaren trakzio indarra eta abiadura baliatu nahi dira korrikalariari korri egiten lagun diezaion. Zakurrak korrikalariari tira egiten dio zakurrek lerarekin egiten duten modu berean. Korrikalariak txakurkroserako uhal espezifikoa eramaten du, zakurrak jantzita daraman beste uhal bati lotua. Lotzen dituen uhala ere espezifikoa da eta motelgailu bat eramaten du, tira egitean sor litezkeen lesioak saihesteko. Ez dago zakur arraza espezifikorik lasterketa honetan parte hartzeko, edozein arrazatako zakurrek parte har dezakete.

Proba hau herrikoia da; izan ere, “2012 / 2013 Gipuzkoako Txakurkroseko Liga”ren barruan sartuta dagoenez, bertan parte hartzeko ez da derrigorrezkoa federatua egotea.

Ondorengo estekan argibide gehiago, izen-emateak eta araudi osoa aurki daitezke:

http://txakurkrosaoarsoaldean.jimdo.com/