Jai giroan parekidetasuna islatuko duen logo lehiaketa

Oarsoaldeko Udalek jaietan parekidetasuna bultzatzeko lehiaketa antolatu dute. Lehiaketaren bitartez, jai giroan parekidetasuna egokien agertzen duen logoa hautatu nahi da. Logoa hainbat euskarritan erabili ahal izango da: kamisetetan, banderatxoetan, orratzetan…

Hautaketan honako ezaugarriak hartuko dira kontuan:

  • Jaietan aniztasuna zein aberatsa den agertzea; eta aniztasunaren aldeko errespetua irudikatzea.
  • Emakumeen parte-hartzea sustatzea.
  • Indarkeria matxistari aurre egiteko elkartasuna bultzatzea.
  • Herritar guztientzako gozagarria izango den jai giroa aldarrikatzea.

 

OINARRIAK

LEHENA: Lanak formatu hauetan aurkeztu ahal izango dira: JPG edo TIFFS, eta gutxieneko bereizmena 300ppp-koa izango da.

BIGARRENA: Teknika librea izango da (argazkia, marrazkia….)

HIRUGARRENA: Lehiaketan edonork har dezake parte, eta parte-hartzaileak original bat baino gehiago aurkez dezake.

LAUGARRENA:

1. Lehiaketaren irabazleak 400€-ko saria jasoko du

2. Oarsoaldeko hamar lanik onenek ere saria izango dute:

.- 18 urtetik gorakoen bost lanik onenek: musika-kontzertu bat edo antzezlan bat ikusteko bina sarrera.

.- 18 urtetik beherako bost lanik onenek: zinemarako bina sarrera.

BOSGARRENA: Oarsoaldeko edozein udaletako erregistroan aurkez daitezke lanak, APIRILAREN 25a baino lehen. Lanak egilearen izenik gabe aurkeztu behar dira, gutunazal itxian. Beste gutunazal itxi batean jarriko dira egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa eta telefono-zenbakia.

SEIGARRENA: Oarsoaldeko udaletako lau ordezkarik eta lau herrietako emakumeen taldeetako lau kidek osatuko dute epaimahaia. Haiek hartzen duten erabakia eztabaidaezina eta ezeztaezina izango da.

ZAZPIGARRENA: Lehiaketan aurkezten diren irudiekin erakusketa egiteko eskubidea izango dute lau udalek.

ZORTZIGARRENA: Logo saridunen jabeak Oarsoaldeko lau udalak izango dira, eta eurek izango dute logoak iragartzeko, argitaratzeko eta hedatzeko eskubide osoa.

BEDERATZIGARRENA: Saririk gabeko lanak urte bukaeran jaso ahal izango dira, abendu osoan. Egileek euren lanak epea bukatu baino lehen jasotzen ez badituzte, egileek ez dituztela lanak nahi ulertuko dute antolatzaileek. Udalek, orduan, askatasun osoz baliatuko dituzte lanak, eta ez dute erreklamaziorako edo kalte-ordainetarako eskubiderik onartuko.

HAMARGARRENA: Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar berarekin.