Mikelazulo eta Banda Bat elkarteek LUPA aurkeztu dute

 

Lupa

Datorren astean ekingo zaio LUPA dokumentalen mostraren seigarren edizioari. Ekimena Errenteriako Mikelazulo eta Donostiako Banda Bat elkarteen arteko elkarlanaren emaitza da.

Martxoaren 27tik 31ra egingo dute mostra eta bost egun hauetan zehar proiekzioak, otorduak, topaketak eta mahai-inguruak antolatu dituzte, dokumental zinemaren argiak bustita guztiak.

Mostra Errenterian hasiko da, martxoaren 27an, Zintzilik Irratiaren historiari buruzko 27 urte ez dira ezer filmaren proiekzioarekin eta orotara, formatu anitzeko ez-fikziozko 22 film izango dira ikusgai.

Proiekzioez gain, bi mahai-inguru antolatu dituzte: prozesuan dauden lanei buruzkoa izango da hilaren 29an egingo dena eta zinema urgenteari buruzkoa martxoaren 30ekoa.

Berritasun bat ere egongo da aurtengoan: Orereta Ikastolako gazteentzat proiekzio berezia prestatu dute antolatzaileek Alfredo Torrescallesen Flores de la Frontera filmarekin.

Urtero bezala, proiekzioak doan izango dira eta filmak egileek beraiek aurkeztuko dituzte.

Mostraren inguruko informazio guztia LUPAren webgunean aurki daiteke.