Zabalik da “Madalenak 2013” kartel lehiaketan lanak aurkezteko epea

Madalenetako kartela 2012

Urtero bezala,  Udalak   Madalenak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du eta argitaratu dira, jada,  lanak aurkezteko oinarriak.

Aurtengo oinarrietan, gainera, lanen aurkezpena errazteko asmoz, aldaketa bat egin da:  kartelaren neurria DIN A 3 (29,7 x 42 cm) izan beharko da.

Lanak beranduenez maiatzaren 17an, 14:00etan, entregatuko dira Udaletxeko Sarrera Erregistroan.

Epaimahaiak epaia maiatzaren 24an, eguerdiko 12:00etan, emango du.

 

OINARRIAK

1.- Kartela neurria DIN A 3 (29,7 x 42 cm) izango da.

2.- Lanak koloreetan eta egurrezko txapa edo beste material zurrun baten gainean muntatuak aurkeztu behar izango dira.

Horrez gain, egindako lanaren argazkia CD batean aurkeztu beharko da.

3.- Kartelean “MADALENAK 2013” idatzia ageri beharko da, eta gaiak, gure herriko jaiekin zerikusia izango du.

4.- Kartelak eta CD-a Errenteriako Udaletxeko Erregistro Orokorrean entregatuko dira 2013ko maiatzaren 17ko 14:00 orduak bitartean.

5.- Kartelen atzeko aldean, lanaren leloa idatziko da. Horrez gain, kartazal itxi batean “MADALENAK 2013” KARTEL LEHIAKETA eta lanaren leloa idatzi beharko dira. Kartazal barruan, berriz, egilearen izena, deitura, helbidea, telefono-zenbakia eta lanaren leloa.

6.- Teknikari dagokionean, marrazkia, argazkia, “collage” edo antzekoak erabili ahal izango dira.

7.- Aurkeztutako lana originala izango da, alegia, lehenago argitaratu gabea. Epaimahaiak lan hori beste edozein lan plastikoren edo obra multzo baten plagiotzat joko balu, lan hori berehala lehiaketatik at geratuko litzateke. Aitzitik, iruzurra epaimahaiak erabakia eman ondoren antzemango balitz, gertaera horrek berak deuseztatuko luke saria.

8.- Egileek lan bat baino gehiago aurkeztu ahal izango dute.

9.- Epaimahaikideak ondorengoak izango dira:

Mahaiburua: Alkate jauna edo berak izendatzen duena.

Bokalak:

– Kultura Ordezkaria.

– Xenpelar Arte Plastika Tailerreko ordezkari bat.

– Irudi teknikari bat.

– Publizitateko bi aditu.

– Idazkaria: Kultura Teknikaria izango da, hitza bai baina botorik gabe.

10.- Epaimahai kalifikatzailea maiatzaren 24an, eguerdiko 12etan, bilduko da kartel iragarlea hautatzeko.

11.- Epaimahaiak ahalmena izango du lehiaketa hutsik uzteko, hain zuzen ere aurkeztutako lanek eskatutako maila artistikorik emango ez balute.

12.- Saritutako lana Udalaren jabegopean geldituko da, eta berak baimena izango du egoki deritzon guztietan, lan hori erabili ahal izateko.

13.- Epaimahaiaren ustetan, aurkeztutako lan kopurua ugaria balitz eta horien maila aitortua egongo balitz, jatorrizko lanak jendaurrean jarriko dira, aldez aurretik iragarriko diren toki eta egunetan.

14.- Erakusketa egiten den egunetik, 40 eguneko epea igaro ondoren, saritu gabeko lanen egileek horiek jasoko ez balituzte, ulertuko da horiei uko egiten dietela, eta ondorioz, Udalaren esku geldituko dira. Ondorioz, interesatuek ezin izango dute inolako erreklamaziorik egin, ezta kalte-ordainik eskatu ere.

15.- 1.050 euroko sari bakarra emango da.

16.- Lanak lehiaketara aurkezteak esan nahi du erabat onartzen direla lehiaketa arautzen duten oinarriak.

Oinarrien interpretazioari buruzko edozein zalantza Epaimahaiak argituko du.