Euskaraz komunikatzen ikasteko eskolak berriro martxan

Euskarazko komunikazio eskolakAste Santuko oporraldiaren ondoren, apirilaren 8tik aurrera, Banaiz Bagara Elkarteak eta Errenteriako Euskara Departamentuak martxan jarriko dituzte berriro euskara ikasteko saioak.

Klaseak astean behin izaten dira eta berauetan, euskara era sinplean ikasten da, egunero gerta daitezkeen egoeren aurrean euskaraz egin ahal izateko, bai lagun artean, bai kalean eta baita lanean ere.

Irune Balentziaga Euskara zinegotziak adierazi du “talde honek duen ezaugarri nagusietako bat parte hartzaileen jatorri desberdina dela”. Horrek kultur aniztasunean eragiten du eta beraz, elkarren arteko bizitzan aberasten ditu partehartzaileak, izan ere, munduko hainbat kultura eta hizkuntza batzen dituzte euskara lotura nagusia izanik. Taldeetan parte hartzea herrialde eta lurralde desberdinetako pertsonei zuzendua dago bereziki; hala ere edonork hartu dezake parte. Gainera, euskaraz ikasten ari diren haurren gurasoentzat ere baliagarriak izan daitezke eskolak,  beren seme-alabek ikasketetan nagusia duten hizkuntzari buruz ezagutza handitu dezaten.

Ikas saioetan, euskal kulturak garrantzi handia du. Horregatik, lantzen dituzte euskal kanta eta dantzak, jaietan parte hartuz eta topaketa kolektiboak antolatuz.

Parte hartzea doakoa da eta ikasleei ez zaie ezagutza mailarik eskatzen.

Eskolak astelehenetan izaten dira, 15:30etik 16:30etara, Lau Haizetara Euskara Elkartearen egoitzan (Pablo Iglesias, 11), Topo geltokiaren aurrean.

Informazio gehiago nahi duenak ondorengo telefono zenbakietara dei dezake:

  • Banaiz Bagara Elkartea, Petra Elser, 645 733 818
  • Errenteriako Euskara Departamentua, 943 449 613