Fiare Oarso bazkide berrien bila

fiarebanner1

Fiare Oarso taldeak bazkide berriak lortzeko kanpaina jarriko du martxan asteazkenetik aurrera. Taldea Fiare Banka Etikoko bazkidez osatua dago eta Oarsoaldean dihardu lanean.

Horretarako, apirilaren 10etik uztailaren 10era, informazio puntu bat jarriko dute asteazkenero Merkatuzar eraikineko sarreran, 19:30etik 21:00tara. Bertan, Fiare Oarso taldeko kideek beharrezko informazio eta laguntza eskeiniko dute, bazkide egiteko moduaz, diru depositoak egiteko aukeraz, eta Fiareren funtzionatzeko moduaz, orokorrean.

Fiare Oarso taldea duela 2 urte sortu zen eta ordutik Banka Etikoa, eta zehazki Fiare proiektu kooperatiboa, zer den azaltzen eta zabaltzen aritu dira eskualdean. Denbora honetan hainbat ekimen eta bilera egin dituzte eskualdeko eragile eta norbanakoekin.

Bide honetan, Errenteriako Udalarekin ere harremanak estutu dituzte, eta ondorioz, 2012an Errenteriako Udala Fiare Banka Etikoko bazkide egin zen.

Fiare Oarso taldeak Oarsoaldeko herritarrak proiektu kooperatibo eta herritar honetara gehitzera animatu nahi ditu, izan ere, “gauzak beste modu batera egin daitezkeela, eta mundu eta ekonomia justuagoa posible direla” sinesten baitute.