Hibaikak Oiartzun ibaiaren garbiketa herrikoia antolatu du biharko

oiartzun ibaia

25 urteurrena ospatzen ari da aurten Hibaika Arraun Elkartea eta beste hainbat ekimenekin batera, Oiartzun ibaia auzolanean garbitzeko deialdia egin du biharko, apirilaren 18.

Merkatuzarra izango da parte hartu nahi dutenentzako topalekua, 18:30ean. Bertan ekintzaren nondik norakoak azalduko dizkiete eta handik Fanderiara abiatuko dira, ibaiak auzoan egiten duen zatia izango baita garbituko dena, itsasbehera baliatuz.

Ordu eta erdiko lana aurreikusten dute antolatzaileek eta adierazi dutenez, jasotako zaborra ondo sailkatzeari arreta berezia eskainiko diote, gero, bilketa lana errazagoa eta probetxugarriagoa izan dadin.

Bukatutakoan, afari-merienda izango da partehartzaileentzat: “bizitako esperientziaz hitz egin nahi dugu bertaratutakoekin eta ibaiaren inguruan sor litezkeen ideiak ere jaso nahi ditugu”.

Antolatzaileek oinetako gogorrak eramatea gomendatu dute “katiuskak edo mendiko botak eta norbaitek bainatzeko intentziorik badu aldatzeko arropa ere”. Eskularruak eta garbiketarako materiala, bertan banatuko dituzte.

Ekimen honetan, Ekoinfo Gipuzkoako giden elkartea, Errenteriako Udala eta Ur garden boluntarioen taldea izango ditu laguntzaile Hibaikak. Azken hauek, esperientzia dute ibai garbiketan eta euren aholkularitza oso baliagarria izan zaie.

Errenteriako Udalak garbiketarako materiala uzteaz gain, aktiboki hartuko du parte ekimenean eta bide batez, herritar guztiak ere animatu nahi ditu ibaiaren garbiketan esku hartzera.