Forma hartzen ari dira Madalenak

Jai Batzordea_2.bilera

Pasa den ostiralean egin zuen Madalenetako Jai Batzordeak bigarren bilkura eta lehenengoan bezala, honetan ere, herriko eragileen ordezkaritza zabala izan zen bertan.

Bileraren helburua, “martxoan egindako bilkuran adostutako ekintzen inguruko proposamen zehatzak entzutea, proposamen berriak mahai gainean jartzea eta aurrekontua nola banatuko den erabakitzea” zela adierazi zuen Irune Balentziaga Kultura zinegotziak.

Parte hartzaileek gogotsu ekin zioten lanari eta euren ideiak aurkezten hasi ziren. Besteak beste, Zumardian txupinazoa ikusteko pantaila erraldoiaz aritu ziren. Iaz arrakasta handia izan zuen ekimenak eta horregatik, aurten, pantaila lehenago piztea erabaki dute. Horrela, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara herriko argazkiak proiektatuko dituzte bertan. Suziaren jaurtiketa, gainera, zuzenean  emango dute internet bidez, etxeetan ere ikusteko aukera egon dadin.

Herri bazkariaz ere jardun zuten. Menu zehatza aurkeztu zuten arduradunek eta Merkatuzarren 200 lagunentzako bazkaria antolatzea aho batez onartu zuten. Musikari dagokionez, proposamen berriak mahaiganieratu zituzten baina oraindik ez dute programazioa guztiz zehaztu. Beste ideia batzuk, ordea, baztertu egin zituen Jai Batzordeak eta iaz bezala, aurten ere, zezen plaza ez jartzea erabaki zuten.

Udalak 120.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko du aurtengo Madalenak prestatzeko, Balentziagak azpimarratu zuenez, “iaz baino zertxobait gehiago”. Horietatik 80.000, ohiko gastu finkoetarako erabiliko dira eta gainontzeko 40.000 euroak nola eta zertan erabiliko diren erabakitzea da Jai Batzordearen eginkizuna. Diru laguntzetara, ordea, 58.000 euro zuzenduko dira.

Hurrengo bilera datorren maiatzaren 3an egingo da, 19:00etan Merkatuzarren. Bilera horretan, besteak beste, diru laguntzen banaketarako irizpideez arituko dira. Irune Balentziagak dei egin die herritarrei bertan parte hartzera.

Honakoak dira bilkuran parte hartu zuten taldeak:

Atlas, Beti Prest, Telleri, Eureka, Amulleta, E.M.T.E, Fomento Cultural,Concha Rociera, Bi-errota, Errenteriako Emakumeen Taldea, Madalenak Parade, Alabergako Auzo Elkartea, EPLE, Gabierrotako Auzo Elkartea, Zo-zongo, Txosna Batzordea, Alaia, Miauka, Euskal gunea, San Humberto, Aitzbitarteko lagunak.