Sagardo Egunaren 25. edizioa, larunbatean

Sagardo eguna kartela25 urte beteko ditu aurten, larunbatean, hilaren 27, egingo den Errenteriako Sagardo Egunak. Herriko 18 elkarte aritu dira data berezi hau omentzeko egunaren prestaketa lanetan eta guztira 49 sagardotegik hartuko dute parte.

Ohikoa denez, bitan banatuko da eguna. Goiz partean, 12:00etatik aurrera, Gorena markaren sagardoa dastatzeko aukera izango da Foru Plazan. Arratsaldean, berriz, 18:00etatik aurrera, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardotegien txanda izango da eta baita elkartearen parte ez diren Linddurren Borda, Goiko Lastola, Alakurria, Beloki eta Ekain sagardotegiena ere, Gamon Zumardian.

Eguna girotzeko, dultzaineroak eta gaiteroak, txistulariak eta dantzariak, hainbat herritako musika eskoletako partaideak, trikitilari eta irrintzilariak eta bertsolariak ibiliko dira herriko kaleetan zehar. Baserritarrak, gazta saltzaileak eta talogileak ere ez dira faltako.

Antolatzaileek  basoaren prezioa 6 euroan mantentzea erabaki dute aurten. Basoarekin batera, zapia, pintxoa eta Donosti sagardotegian bi pertsonentzako afari baten zozketarako txartela jasoko ditu erosleak.

Bestalde, bihar, Sagardo Egunaren bezperan, sagardo kata egingo dute Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen eskutik, 19:00etan, Udaletxeko Areto Nagusian.

Aginaga Sagardotegia

Urtero bezala, sagardotegi eta sagardogile bat omenduko ditu Sagardo Egunak. Aginaga sagadotegiko Mikel Errasti izan da aurtengo hautatua eta elkarte antolatzaileek, asteartean bere sagardotegian bertan egindako aurkezpen ektaldia baliatu zuten Anton Mendizabalek egurrean tailatutako ikurra opari emateko.

25 urteurrena

Apirilaren 13an hasi ziren Sagardo Egunaren antolatzaileak 25. urteurrena ospatzen. Egun hartan, sortu baitzuten Arramendiako Herri Sagastia, 41 sagarrondo landatuz jai giroan.

Bertan Migel Erkisi euskal makila eskaini zitzaion, antolatzaileek adierazi dutenez “exenpluzko ibilbidea egin duelako; langile nekaezina, emankorra eta lagun ona ere badelako”.