Hitzaldia eskainiko du Amets Arzallusek Herri Urratsen harira

Herri urrats

Errenteriak lotura estua izan du Iparraldearekin betidanik eta Seaskako ikastolen Herri Urrats jaialdira herritar asko joaten dira urtero urtero, euskararen eta euskal kulturaren inguruan harremanak estutzera.

Hori dela eta, Gure esku taldeak, Orereta eta Langaitz ikastolek, Lau Haizetara elkarteak, Xenpelar bertso-eskolak eta Txintxarri elkarteak Amets Arzallus gonbidatu dute Iparraldean euskarak eta euskal kulturak bizi duten egoera azal dezan.

Arzallusek Iparraldea gertutik: euskararen, ikastolen eta euskal kulturaren argiak eta itzalak hitzaldia eskainiko du, ostegunean, hilaren 9, Orereta ikastolak Santa Klara kalean duen egoitzan, arratsaldeko 18:30etik aurrera. Bitartean, haurrak zaintzeko zerbitzua ere egongo da.

 Herri Urrats

Gainera, maiatzaren 12an Senperen egingo den Herri Urratsera joateko autobusa antolatu dute: goizeko 9:00etan abiatuko da Zumarditik eta 18:30etan irtengo da bueltan Senperetik.

Antolatzaileek azaldu dute 18 urtetik beherako nerabeek baimena behar dutela, bakarrik joateko eta inprimakia udaletxean edo antolatzaileekin harremanetan jarriz lor daitekeela. Haurrekin doazen helduek, berriz, familia-liburua eraman beharko dute.

Autobuserako txartelak Orereta ikastolako bulegoetan eta Xenpelar AEK euskaltegian egongo dira salgai 12 euroan, nahiz eta langabetu eta 12 urte arteko haurrek 8 euroan eskura dezaketen.

Informazio gehiago nahi duenak Antton Aizorretarekin harremanetan jar daiteke, 687328838 telefono zenbakira deituta edo antxonaizkorreta@hotmail.com helbidera mezu bat bidaliz.