Hondakinen Taldearen proposamena ondo baloratu dute Iztieta eta Agustinetako bizilagunek

hondakinakJoan den ostegunean eman zion hasiera Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseiluko Hondakinen Taldeak auzoetatik egin asmo dituen bilerei. Iztieta eta Agustinak auzoetan izan zituzten lehen bi saioak eta guztira 65 bat pertsona bildu ziren.

Saioan zehar, hondakinen inguruan, Errenteriako Hondakinen Batzordeko kideek azken hilabeteetan eginiko ibilbidea eta, epe horretan, hiriko hondakinen bilketa sistema eguneratzeko proposamenak aurkeztu zituzten. Izan ere, “egungo sistema eraginkorra izan ez ezik, errealitateari erantzuten ez diola” azpimarratu zuten.

Bi saioetara hurbildutako hiritarren partaidetza oso positiboa izan da Hondakinen Taldeko ordezkarien hitzetan: “zalantzak planteatu eta proposamen gehigarriak helarazi dizkigute, modu oso konstruktiboan gainera”. Hurbildutako zenbaitzuek, ordea, jende falta azpimarratu zuten “horrelako prozesu batean, guztion parte-hartzea ezinbestekoa baita”.

Aste honetarako hainbat bilera antolatu dute. Gaur Beraungo, Galtzarabordako eta Igantziko bizilagunekin elkartuko dira Koldo Mitxelena Institutuan, 19:30ean. Bihar, hilaren 22, Alaberga-Arditurri Auzo Elkartean bilduko dira bertakoekin eta Fanderia-Erdiko Erreka Auzo Elkartean Fanderia eta Markolakoekin ordu berean. Bukatzeko, maiatzaren 23an, Pontikako bizilagunen txanda izango da eta auzoko elkartean egingo dute batzarra, 19:00etan.

Hondakinen Batzordeko kideek eskerrak eman nahi dizkiote ekimen honetan parte hartu eta interesa agertzen ari diren herritar orori eta adierazi dute gustora jasoko dituztela herritarren ekarpenak hondakinakIAK@googlegroups.com helbidean.