Zulaika-Garrido bikotea izan zen garaile padel lehiaketan

Errenteria_03_Padel.jpgMaiatzaren 11n jokatu zen “Udaberriko I Padel Lehiaketa” Fanderiako udal padel pistetan.

Parte hartu zuten bederatzi bikoteek taldekako fase bat jokatu behar izan zuten eliminatoriaren zein koadrotara pasatuko ziren erabakitzeko; nagusira ala kontsolaziozkora. Antolatzaileek adierazi dute, parte-hartzaileen artean giro ezin hobea izan zela, “nahiz eta orduak joan ahala nekea nabaritu”; izan ere, lehiaketa 9:00etan hasi zen eta koadroetako finalak 19:00etan jokatu ziren.

Azkenean, Zulaika eta Garridok osatutako bikotea garaile suertatu zen Puy eta Raigónen aurka jokatutako final nagusian. Garayartabe anaiek, kontsolazio finalean, Fernández eta Etxarteri irabazi zieten.

Antolakuntzak irabazleak zoriondu eta parte-hartzaile guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie, “baita atsedenik gabe lagunak eta senitartekoak animatzen aritu zen afizioari ere”, padel egun entretenigarri horretan laguntzeagatik.