Auzoetan barrena egiten ari den errondarekin amaituko du Hondakinen Taldeak aste honetan

Hondakinen Taldea_batzarraIztieta eta Agustinetako lehen bileretatik, astebete igaro da dagoeneko. Orduz geroztik, Errenteriako Hondakinen Taldeak herriko auzoen erdia baino gehiagotan izan da: Beraun, Galtzaraborda, Igantzi, Alaberga, Fanderia, Markola eta Pontikako auzokideekin elkartuz.

Taldeak bere helburua betetzen ari dela adierazi du: “Dagoeneko sei bilera egin ditugu eta gure proposamena oso modu positiboan jaso dute herritarrek. Hala ere, egia da nahiz eta orain arte 260 bat pertsona izan saioetan, gaiak duen garrantzia ikusirik, jende gehiagok hurbildu beharko lukeela. Gure aldetik behintzat, horretara animatzen dugu jendea”.

Aste honetan gainerako auzoetatik igaroko da Hondakinen Taldea, gainerako herritarrei taldean adostutako proposamena aurkeztu eta hurbildutakoen ekarpenekin aberasteko. Hala, gaur, hilaren 27, Olibet-Etxe Berriak auzo elkartean bilduko dira 19:15ean. Bihar, Erdialdeko zein Gabierrota eta Lartzabaleko bizilagunen txanda izango da Reina Aretoan eta Gabierrota-Laguntasuna elkartean egingo diren bilerekin, 19:30ean. Maiatzaren 29an Gaztañoko Bukagaitzen egingo dute batzarra 19:30ean eta ekainaren 2an Zamalbide-Bentak auzo elkartean, kasu honetan goizez, 11:00etan.

Orain arte, birziklatzearen beharra eta, materia organikoa biltzeko edukiontzia jarriz gero, guztientzako derrigorrezkoa eta identifikatua izatearen beharra dira bileretan bizilagunek gehien aipatu dituzten proposamenak.