Emakumeentzako defentsa pertsonalerako doako tailerrak antolatu dituzte

defentsa pertsonalaUdal Kirol Patronatuak eta Errenteriako Udaleko Berdintasunerako Arloak emakumeentzako defentsa pertsonaleko bi tailer antolatu dituzte Galtzarabordako Udal Kiroldegian, uztailean. Bakoitzak lau eguneko iraupena izango du: lehenengoa uztailaren 8tik 11ra bitarte, eta bigarrena 15etik 18ra, astelehenetik ostegunera, biak 19:00etatik 20:30era.

Tailerren helburua parte-hartzaileek beren buruarekin seguruago sentitzeko aukera emango dieten trebetasunak eskuratu eta garatzea dela azaldu dute antolatzaileek: “Ariketa praktikoen bidez, beren gorputzaren gaineko kontrola hartzen joango dira eta beren indarrarekin konektatu ahal izango dute. Autodefentsarako teknikak ikasiko dituzte, erraz eta eraginkorrak, eta horiekin kontzientzia eta praktika handiagoa izango dute abusu egoeren aurrean”.

Formazioak bi alderdi hartzen ditu bere gain: fisikoa eta psikologikoa. Tailerrean erabilitako defentsa teknikak Wing Tsun arte martzialean oinarritzen dira. Sistema martzial horrek gorputz osoa lantzen du, erreflexuak, azkartasuna eta abar. Oso eraginkorra da; izan ere, “aurkariaren indarra erabiltzen ikasten da haren kontra itzultzeko eta oso erabilgarria da indar fisiko handirik ez duten pertsonentzat”.

Ikastaroa Lide Marco psikologo eta defentsa pertsonalean adituak eskainiko die 16 urtetik gorako emakumeei eta ez da beharrezkoa baldintza fisiko zehatz batzuk betetzea. Tailerra, gainera, doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da, toki kopurua mugatua baita, eta Errenterian erroldatuta egotea beharrezkoa da. Plazak izen-emate hurrenkeraren arabera adjudikatuko dira.

Informazioa eta izen-emateak Galtzarabordako Udal Kiroldegiko harreran egingo dira.