Uztailaren 10ean itxiko du Fiare Oarso taldeak Merkatuzarreko informazio puntua

fiarebanner1Uztailaren 10ean amaituko da Fiare Oarso taldeak bazkide berriak lortzeko martxan jarritako kanpaina. Apiriletik informazio puntu bat jarri izan du taldeak asteazkenero Merkatuzar eraikineko sarreran, 19:30etik 21:00tara eta datorren asteko asteazkena izango da azken eguna.

Informazio puntuan, Fiare Oarso taldeko kideek beharrezko informazio eta laguntza eskaintzen dute, bazkide egiteko moduaz, diru depositoak egiteko aukeraz, eta Fiareren funtzionatzeko moduaz, orokorrean.

Fiare Oarso taldea duela 2 urte sortu zen eta ordutik Banka Etikoa, eta zehazki Fiare proiektu kooperatiboa, zer den azaltzen eta zabaltzen aritu dira eskualdean. Denbora honetan hainbat ekimen eta bilera egin dituzte eskualdeko eragile eta norbanakoekin.

Bide honetan, Errenteriako Udalarekin ere harremanak estutu dituzte, eta ondorioz, 2012an Errenteriako Udala Fiare Banka Etikoko bazkide egin zen.

Fiare Oarso taldeak Oarsoaldeko herritarrak proiektu kooperatibo eta herritar honetara gehitzera animatu nahi ditu, izan ere, “gauzak beste modu batera egin daitezkeela, eta mundu eta ekonomia justuagoa posible direla” sinesten baitute.