Trenbidearen 150. urteurrena Oarso aldizkarian

Oarsoren aurkezpena_800x600Ostiralean aurkeztu zuten 2013ko Oarso aldizkaria Iñigo Imaz, Joxean Ruiz de Azua, Leonor Garcia eta Juan Carlos Jimenez de Aberasturi erredakzio komiteko kideek Irune Balentziaga Kultura zinegotzia eta Julen Mendoza alkatearekin batera.

Iñigo Imazek eman zituen aurtengo edizioaren xehetasunak. Euskararen presentzia handitu egin dela azaldu zuen, hasteko: “65 artikulu biltzen ditu, guztira, Oarsok aurten, guztien %61a gazteleraz eta % 39 euskaraz. Honekin batera, emakume idazleen kopurua ere gehitu egin da nahiz eta gizonezkoen azpitik dagoen oraindik”.

Trenbideak 150 urte

150 bete dira Gipuzkoan eta baita Euskal Herrian ere trenbidea inauguratu zela eta erredakzioko kideei urtemuga hau Oarsoren gai zentral bihurtzea interesgarria iruditu zitzailela azaldu zuen Imazek.

Herriko pertsona ezagunek ere badute lekua aldizkariaren orrialdeetan: Florentino Loidi alkate izandakoa, Mikel Huarte, Ignazio Ubiria, Iñaxito Albisu, Koxme Lizaso eta Felix Lavillari buruzko artilukuak aurki ditzake irakurleak.

Kolaboratzaileei dagokionez, ohikoak diren Mariasun Landa, Antton Agirre Sorondo eta Arrate Egañarekin batera, beste hiru idazle aipatu zituen, hirurak emakumeak: Miren Azkarate, Itziar Aduriz eta Ana Isabel de Dios.

Mendozak, ondoren, aldizkaria posible egin duten pertsona guztiak zoriondu zituen, izan ere, bere aburuz, “gure herriaren errealitatea eta historia liburu batean biltzea garrantzitsua da”. Eta datorren urtean euskararen eta emakumeen parte hartzea handitzea “albiste ezin hobea” izango litzakeela gaineratu zuen.

Banaketa

Orotara, 1.000 ale dira salmentan jarri direnak eta Balentziagak adierazi zuenez, Miauka elkartea arduratuko da aldizkariaren banaketa egiteaz: udaletxeko arkupetan egongo dira uztailaren 13tik 25era, 10:00etatik 13:00ak arte eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00ak arte. Igande arratsaldean, Madalen bezperan, ez dute salduko.

Herriko ohiko dendatan ere egongo da salgai data horien bitartean eta baita udaletxeko artxiboan ere stocka bukatu bitartean. Azken hiru urteotan bezala, aurten ere, 7 euroan eros daiteke aldizkaria.